Berdinketak ez du inor aseko

Osasunak hirugarren partida jarraian irabazi nahi du gaur, Getaferen zelaian, sasoi honetan partidarik berdindu ez duen taldearen aurka

Iruñea
2009ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ironia erabiliz erantzun zuen atzo Jose Antonio Camacho Osasunako entrenatzaileak jarraian hiru partida irabaz ditzaketela gogorarazi ziotenean: «Aurrez bi partida segidan irabazten ez badira, hirugarrena lortzea ezinezkoa dela dio teoriak, eta gutxienez ahalegintzeko moduan iritsiko gara». Haizea alde dute nafarrek iragan astean Valladolid eta Sporting mendean hartu eta gero, eta Alfonso Perez orain arte Osasunarentzat batere zelai aproposa izan ez den arren, jarraian hirugarren partida irabazteko asmoz zelairatuko dira gorritxoak gaur. Aurkariak ez du oraindik partidarik berdindu. Onena eta txarrena egiteko gai da Michelen taldea. Getafek joko onaren bila hartzen dituen arriskuak baliatu nahi ditu Osasunak hiru puntuak irabazteko.

Getafek ez du etxean partidarik berdindu, eta Osasunak ere ez du berdinketarik lortu etxetik kanpo. Kinielan «x» jartzea ez da logikoena beraz. «Michel eta ni ez gaituzte hezi berdinketaren bila zelairatzeko, jokatzen dugun tokian jokatzen dugula, irabaztea izaten da helburua. Gero partidaren gorabeherak ikusi behar izaten dira, baina hasieran irabaztea da bi taldeen xede bakarra», esan zuen atzo Camachok. Sasoi honetan bere zelaian bi partida jokatu ditu Getafek: 0-2 galdu zuen Bartzelonaren aurka, eta 3-1 irabazi zion gero Valentziari. Osasunak etxetik at ere bi aldiz jokatu du, eta Tenerifen 1-0 galdu bazuten ere, azken irteeran 1-2 nagusitu ziren Valladoliden. Getaferentzat atzerapausoa litzateke Osasunaren aurka berdintzea, eta Osasunarentzat ona izango litzateke ez galtzea.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, iragan asteburuan Sportingen aurka hasieratik aritu zen hamaikakoa zelairatuko du ia-ia Camachok. Aldaketa bakarra egingo du, erasoko ezker hegalean. Masud irandarrak jokatu zuen hasieratik Sportingen aurka, eta gaur Camuñasek hartuko dio lekukoa. Masud ordezkoen aulkian geratuko da. Camuñasek bere talde ohiaren aurka jokatzeko parada izango du, beraz, 2001-2002ko denboraldian Getaferekin jokatu baitzuen Osasunak iragan udan Recreativotik fitxatu zuen jokalariak. Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igo berria zen Getafe Camuñasek han jokatu zuenean. Egun, ordea, Lehen Mailan egonkortuta dago Getafe, aurtengoa seigarren denboraldia baitu onenen artean.

Lehen Mailan tradiziorik gabeko taldea izanagatik, txukun ari da Getafe aspaldian. Iragan sasoian azken jardunaldia arte sufritu zuten mailari eusteko, baina aurrez Espainiako Kopako finala ere jokatu zuten bi urtez jarraian, eta UEFA Kopan ere lan txukuna egin zuten. Futbol dotorea egitea gustatu izan zaio beti Getaferi, bai Quique Sanchez Flores entrenatzaile zutenean, bai Schusterrekin, bai Laudrupekin, bai Victorrekin, baita Michelekin ere. Real Madrilekin harreman estua dute, eta Real Madrilen bigarren taldea dirudiela esaten duenik ere bada. Parejo da Real Madrildik iritsi den azken jokalaria-Granero Real Madrilera itzultzearen trukean-, eta taldeko izarra ere Real Madrildik irtendakoa da: Roberto Soldado. Ondo ezagutzen dute Osasunako zaleek Soldado, Iruñean aritu baitzen denboraldi batez. Taldea bezala, onena eta txarrena egiteko gai da aurrelari espainiarra: lehen jardunaldian hiru gol sartu zituen, esaterako, baina azken bi partidetan ordezkoen aulkitik ikusi ditu partiden hasierak.

Michel eta Camacho, lagunak

Berdinketaren bila zelairatzeko ez zituztela hezi esan aurretik, Michelek Osasunari buruz esandakoa gogorarazi zioten atzo Camachori. «Arma gutxi ditu Osasunak, baina badaki dituen arma horiek ondo erabiltzen eta erne ibili beharko dugu». Camachok ez zuen polemikarik sortu nahi izan: «Ez dakit zer esan duen Michelek, baina, esan badu, seguru arrazoia izango duela», erantzun zuen.

Iragan sasoian, Michelek Getaferen ardura hartu berri zuenean, Osasuna izan zen lehen bisitaria Alfonso Perez futbol zelaian. Osasuna puntu premia larrian zen Getafe bezalaxe, baina Camacho lagun on baten moduan portatu zen Michelekin, 3-0 galdu baitzuten gorritxoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.