Berdintasuna apurtzeko

Hamiltonek sasoiko hirugarren 'pole'-a lortu du Alemaniako Sari Nagusian, eta Massa oso hurbil izango du

Laurentzi Garmendia
2008ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Australian bezala, duela bederatzi lasterketa bezala, Lewis Hamilton, Felipe Massa eta Kimi Raikkonen berdinduta daude puntuetan. Eta, orduan bezala, oraingoan ere Lewis Hamiltonek ekingo dio lasterketari besteen aurretik. Gidari ingelesak itzuli aparta egin zuen atzo, aurkari guztiak atzean utzita, eta gauza bera lortu nahiko du gaur, txapelketan besteengandik bereizteko.

Urteko hirugarren pole-a lortu zuen McLaren-Mercedes taldeko gidariak, eta emaitza garrantzitsua da Mercedesentzat, etxean ari baita. Aurreko urtean Nurburgringen korritu zen Alemaniako Sari Nagusia, eta euriak lasterketa edertu zuen. Aurten, ordea, ohiko Hockenheimera itzuli da 1 Formula, iaz urtez urte zirkuituz txandatzeko erabakia hartu zutelako. Alemaniarrek indar handia hartu dute 1 Formulan, zortzi auto bultzatzen baitituzte Mercedes, BMW eta Toyota motorrekin. Gidariak, aldiz, bost: Nick Heidfeld, Sebastian Vettel, Adrian Sutil, Timo Glock eta Nico Rosberg.

Aurreko astean talde guztiak Hockenheimen bertan izan ziren saio pribatuetan, eta haiek iragarri zuten atzo gauzatu zen panorama. McLarenek jauzi bat egin du, eta Ferrarik Frantziaraino zuen abantaila ezerezean utzi. Zirkuitutik zirkuitura aldea batera edo bestera balantza badaiteke ere, oraingo honetan Hamiltonen denborei so eginez, McLarenek auto azkarrena duela esan daiteke. Massa gerturatu zen, baina gainerakoak ez, eta bigarren planoan geratu ziren. Raikkonen bereziki. Galduta egon zen, ezkutatuan. Seigarren irtengo da.

Alemanian ari direlako emaitza ona lortu nahi izan zuen Toyotak ere, eta Trullik laugarren postuan utzi zuen bere autoa. Pentsa liteke erregai gutxi jarri eta postu ona bilatzera irten zela, baina laugarren postu hori ongi merezia izan zen, eta lasterketan hor inguruan mantendu behar luke, asteburuan zehar eginiko denborak aztertuz ikusten baita ez zuela lasterketa sakrifikatu. Trullik kontra duen gauza da entrenamenduetan itzuli bakarra ematen maisu dela, baina karreran hustu egiten dela zertxobait.

Beste alemaniar batekin jarraituz, Sebastian Vettel aipatu beharra dago. 21 urteko gazteak denboraldi bat baino gutxiago behar izan du RedBull-en talde xumetik, talde seriora jauzi egiteko. Aurreko lasterketan David Coulthardek urte amaieran 1 Formula utziko zuela iragarri ondoren, bi aste nahikoak izan dituzte RedBull taldean ordezkoa topatzeko. Alonsok bere etorkizuna argitu gabe jarraitzen duenez, alde batera utzi dute eta izugarrizko etorkizuna duen Vettel aukeratu dute.

Erdialdea oso estu

Albisteak indarra eman diola dirudi, eta atzo bederatzigarren sailkatu zen Vettel, RedBulleko bi gidarien artean. Horiek lehia estua izango dute Renault, Williams eta Toyotako gidariekin, oso estu baitago erdialdea. Aurretik BMW izango da, baina lasterketa honetan lehia McLaren eta Ferrariren artekoa izango da soilik. BMW etxean ari bada ere, Hockenheimen ez dute ohiko maila eman, eta podiuma zapaltzea zail izango dute. Kubica zazpigarren izan zen eta Heidfeld hamabigarren.

Alonsok bosgarren ekingo dio lasterketari, baina Renaulten ahultasun nagusia lasterketako erritmoan dago, atzeko pneumatikoak birrintzen baitituzte. Itzuli bakarrera autoak irauten du, baina askoren ondoren irrist egiten du. Raikkonen seigarren irtengo da eta hori baino hobeto ibili beharko du titulua berritu nahi badu. Horren atzetik hasita ezin du askorik espero, eta ziur Ferrarik estrategian arriskatuko duela finlandiarra aurrera eramateko. Lehia, hala ere, lehen lerroa osatu zuten bien artean izango da, Hamilton eta Massa izan baitira sendoenak asteburu osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.