Binakako Txapelketako zortzigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. Gaur ekingo zaio jardunaldi horri Aritz Lasa eta Zubieta, eta Xala eta Laskurainen arteko neurketarekin, Urretxuko Ederrena pilotalekuan (ETB 1, 22:00).
Aurkari zuzenak dira bi bikoteak, eta biak daude garaipen faltan. Orain arteko zazpi partidetatik bi baino ez dituzte irabazi Lasak eta Zubietak. Bat gehiago irabazi dute Xalak eta Laskurainek; joan den igandean azkena, Bengoetxea VI.a eta Apraizen aurka (22-12). Baten garaipenak ligaxkako berdintasuna desorekatuko luke. Bestearen garaipenak, ordea, are eta oreka gehiago emango lioke sailkapenari.
Aitor Zubietaren eskuetan egongo dira begi gehienak jarrita; iragan asteburuan Pascual aritu zen haren partez, eta ikusi beharko da zer-nolako maila ematen duen gaur Etxarrikoak, azken asteetan eskuetan izandako arazoen ondoren. Herenegungo material aukeraketan, behintzat, jokatzeko moduan zegoela aitortu zuen: «Fisikoki oso ongi nago, eta jokatu egingo dut. Arazo bakarra dut, eskuak ez zaizkidala sendatzen». Geldialdiak mesede egingo zion Zubietari, eta igarriko du freskura hori gaurko partidan zehar ziur.
Ligaxkako lehen jardunaldian aritu ziren elkarren aurka azkenekoz. Aritz Lasa eta Zubieta nagusitu ziren orduan, 22-12.
Pilota hautaketa, Bartzelonan
Jardunaldiko partida nagusia Euskal Herriko pilotalekuetatik urrun jokatuko da, Bartzelonan. Ligaxkako lehen eta hirugarren sailkatuek, Olaizola II.a eta Beroizek eta Berasaluze VIII.a eta Albisuk, gaur egingo dute neurketa horretarako pilota aukeraketa.
Asteburuko beste bi partidak bihar jokatuko dira. Tafallan Bengoetxea VI.a eta Apraiz eta Arretxe II.a eta Begino ariko dira. Bilboko Bizkaia pilotalekuan, berriz, Titin III.a eta Merino II.ak Irujo eta Barriolaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Berdintasuna desorekatzera
Lasa eta Zubieta Xala eta Laskurainen aurka ariko dira, gaur, Urretxun, ligaxkako 8. jardunaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu