Reala 0-1 Celta

Bere burua aurkitu ezinda segitzen du

Hirugarren partida segidan galdu du Realak, bigarrena Anoetan, ez diolako bueltarik eman Celtak penalti eztabaidagarri batekin lehen zatian egindako golari

Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Golak: 0-1. Aspasek (penaltiz, 45.min).Epailea: Prieto Iglesias. Txartel horiak: Realeko Monreal. Aritz, Zubimendi eta Januzaji; Celtako Rafinha eta Smolovi.

Non dago Reala? Galdu egin da Lehen Maila geldirik egon zen hiru hilabeteetan. Zenbakien alderaketa beldurgarria da: Anoetan, etenaren aurretik, zazpi partida segidan zituen irabaziak, baina orain, hiru partida jokatu ditu harmaila hutsen aurrean, eta puntu bakarra atera du. Hori gutxi ez, eta kanpoan jokatu duen bakarra ere galdu egin zuen. Hamabi puntu jarri zaizkio jokoan etenaren ondotik, eta bat bakarrik lortu du. Ez du partidarik irabazi.Celtak 0-1 hartu zuen mendean atzo. Lehen aldiz geratu zen Anoetan golik sartu gabe sasoi honetan.

Reala ez da sasoi honen lehen bi herenetako Reala. Sekulako arazoak dauzka jokoa sortzeko, eta aurkaria baloiaren atzean serio defendatzen jartzen bazaio, akabo. Bigarren zatiko azken erdia adierazgarria izan zen atzo ere: baloia makal mugitu zuten jokalariek, sakontasunik gabe, mugikortasunik apenas izan zuten Imanolenek, eta horrek guztiak lanak asko erraztu zizkion Celtari. Sormenean argia itzali zaio Realari konfinamenduan.

Jokoarena ukaezina den bezala, epaileen lanari ere eman egin behar zaio berea. Seigarren penaltia segidan adierazi zioten azken sei partidetan, eta atzokoaere zalantza eragiteko modukoa izan zen. 44.minutuan, etxekoek erraztasun guztiak eman zizkioten Celtari kontraeraso garbia ateratzeko. Baloia nork urrundu ez ziren ados jarri Martin Zubimendi gaztea eta Diego Llorente, eta Iago Aspasi heldu zitzaion. Area barruan, Llorentek eskua jarri dzion gerrian, eta azkar bota zuen bere burua aurrelari galiziarrak. Prieto Iglesiasek txistua jo zuenbezain azkar. Penaltia, gola Aspasek, eta 0-1.

Bigarren zatiaren hasierako hamabost minutuetan ez zen gaizki aritu Reala, Celtak ere opari asko egin zizkiolako jokoa sortzen hasi zenean. Trantsizio azkarreko partida, ordea, azkar desagertu zen. Segituan sartu zen Celta atzean, eta galdu egin zen Reala. Emaitza irauli behar duen taldeak lau gol aukera sortuta egin nahi badu hori, lan zailak izango ditu, eta atzo Realak ez zituen gehiago sortu. Celtak, aldiz, behin iristea Remiroren areara nahikoa izan zuen. Erosoegi irabazi zion etxeko taldeari.

Txapeldunen Liga, zail

Oraintxe bertan, Reala ez da gai hainbesteko puntu pila lortuarazi zion jokoa ezartzeko. Ez ditu aurkariak menderatzen, eta soilik partida irekietan ikusten zaio zerbait egiteko modua. Edo kontrarioak jokatzen uzten dionean, Real Madrilek utzi zion bezala igandean, edo atzo Celtak lehen hamabost minutuetan laga zion moduan. Sormenean kateatuta dago Imanolen taldea, eta beren maila onetik oso urruti daude sortzaileak, Odegaard, adibidez. Taldea bera ere urrun da Txapeldunen Ligatik. Konponbide azkarra behar du, baina bai al dago?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.