Garaipena lortuta, sei punturen aldea dago Athleticen eta Sevillaren artean, golen aldeaz gain. Hurrengo partida irabaziz gero, Athleticek ziurtatuta luke matematikoki hurrengo denboraldian Txapeldunen Ligan aritzeko txartela.
Laugarren minutuan hasi zen festa zaleentzat. Susaetak sartu zuen partidaren lehen zatiko gol bakarra. Sevillak bere jokoari eutsi zion, eta berdinketa bilatzen ahalegindu bazen ere, etxeko taldearen alde geratu zen markagailua atsedenaldian.
Jokaldi bikaina borobilduz lortu zuen bigarren gola etxeko taldeak, bigarren zatiaren hasieran. Munianek eraman zuen baloia aurkariaren sarera. Unai Emeryk ordura arte aulkian utzitako jokalaria atera zuen orduan, Rakitic. Eta orduan egin zituen Sevillak partiduko minuturik onenak. Gutxirako balio izan zion, ordea. Segituan sartu zuen Athleticek hirugarren gola: Herrerak sartu zuen, faltaz. Figueiras kaleratua izan zen, falta horren aurka protesta egin ostean.
Kevin Gameirok sartu zuen partidako azken gola, markagailua 3-1ean utziz.
Sevillaren autobusa, erasoa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, aurreko beira apurtu zioten igandean Sevillaren autobusari, eta karrozerian ere kalteak izan zituen. Partida baino ordu eta erdi lehenago izan zen.