Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Bere ispiluaren aurrean

David Moncoutiek laugarren urtez jarraian irabazi du etapa bat Vueltan, eta Joaquim Rodriguezek zazpi segundo jan ditu amaieranWiggins jarri da lider, eta denbora galdu dute Brajkovicek, Fuglsangek eta Mentxovek

unai zubeldia
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Bat, bi, hiru, lau, ispiluen aurrean...». Harridurazko Ooooooh handi batekin kantari hasteko modukoa da David Moncoutie frantziarrak (Cofidis) atzo Espainiako Vueltan egin zuena. Akelarre giroan igo zen Manzaneda eski estazioan gora. Eraso bat. Bi. Hiru. Eta lau. Garaipen bat. Bi. Hiru. Eta lau. Hatzekin kontatu zituen berak ere. 2008an, Pla de Bereten. 2009an, Sierra Nevadan. 2010ean, Xorret de Catin. Eta 2011n, Manzanedan. Lau urtez jarraian Vueltan etapa bat irabazteko gai izan da Moncoutie. Ez da edozein! Beñat Intxausti (Movistar) saiatu zen atzo frantziarraren gurpilari segitzen, baina bizkaitarrak etsi egin behar izan zuen maldarik gogorrenetan.

Urtea joan, urtea etorri, aurreko urteko ispiluari begira jartzen da frantziarra. Etapa bat eta mendiko maillota. Helburu horrekin ekiten dio beti Espainiako lasterketari. Eta helburuak lortzeko bidean da berriz ere. Azken bi urteetan etapa garaipenarekin eta mendiko maillotarekin joan da etxera. Eta aurten, bide berean doa. Etapa irabazi du, eta, atzoko garaipenari esker, puntu bakarrera dauka orain mendiko maillota. Matteo Montaguti (Ag2r) abiatuko da gaur maillot preziatu horrekin, baina lanak izango ditu Moncoutieren ahaleginarekin.

Atseden egunaren ondoren, mendia. Arriskutsua izaten da beti ezaugarri hori. Eta faboritoetako batzuek nabaritu zuten atzo gorputzaren nagikeria. Ihesaldi jendetsua eta faboritoen arteko borroka. Bitan banatu zen Vueltako 11. etapa, Verinen hasi eta Manzanedako eski estazioan amaitu zena. Itzuliko epaileak bandera astintzearekin batera hasi zen ohiko eraso festa, Fumaces hirugarren mailako mendatean gora. Carlos Barredok (Rabobank) piztu zuen sua. Baina 30. kilometrora arte ez zen hasi gorpuzten ihesaldia. Hamasei txirrindulari joan ziren lehenengo aurrera —tartean ziren, besteak beste, Moncoutie bera, Beñat Intxausti (Movistar), Aitor Perez Arrieta (Lampre) eta Juanjo Oroz (Euskaltel-Euskadi)—. Eta, ihesaldiak hiru minutuko langa hautsi zuenean, tropeletik kontraerasoan atera ziren Fabio Duarte (Geox), Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi) eta Mathias Frank (BMC).

Aurrean hemeretzi lagun, eta atzean Sky, tiraka, Christopher Froome eta Bradley Wiggins taldeburuentzat lanean —gerora argi geratu zen Wiggins dela taldeko liderra, Froome jo eta jo aritu zelako Wigginsen mesedetan—. Zortzi minututik gorako aldea ere lortu zuen ihesaldiak, eta argi zegoen aurrean zegoela garaipena. Manzaneda luzea zain, eta Adrian Palomares (Andalucia Caja Granada) eta Jonas Aaen Jorgensen (Saxo Bank) ezinegonik. 25 kilometro geratzen ziren helmugara iristeko, eta gogotik gehiago izan zuen erasoak indarretik baino.

Frank, Moncoutie, Intxausti eta Sergio Paulinhoren (RadioShack) mugimendua izan zen serioagoa. Hori bai, aldaparen gogortasunak jarri zuen bakoitza bere lekuan. Moncoutiek helmugara iristeko 11 kilometro falta zirenean estutu zuen erritmoa, eta bakar-bakarrik geratu zen aurrean. Iaz bezala. Orain bi urte bezala. Orain hiru urte bezala. Ispiluari begiratu, eta aurrera. Saiatu ziren Intxausti, Frank, Paulinho eta Luis Leon Sanchez (Rabobank). Baina alferrik. Garaipenaren lehiatik urrun, zazpigarren postuan helmugaratu zen Txurruka, eta zortzigarren postuan Perez Arrieta.

Katuxaren mugimenduak

Horixe eman zuen etaparen lehiak. Baina atzean zegoen benetako tentsioa. Urruti, urrutiegi geratu zen Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) atzean, helmugara iristeko bederatzi kilometro pasatxo falta zirenean, eta kostako zaio burua altxatzen. Une horretan jarri zen Froome tropel nagusitik tiraka, Wigginsen mesedetan. Baina Katuxak ez zuen erritmo bizi eta iraunkorrik nahi. Joaquim Rodriguezek (Katuxa) eraso zitala jo zuen urrutitik, baina aise erantzun zuten Bauke Mollemak (Rabobank), Wigginsek berak, Chris Sorensenek (Saxo Bank)...

Bakarrik ezer askorik ez zuela lortuko ikusita, Dani Moreno eta Vladimir Karpets (Katuxa) bidali zituen gero aurrera. Baina eraso horri ere dotore erantzun zion Wigginsek. Ordurako, eraso gehienei txukun erantzunez zebilen Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi). Rabobankek ere sasoiko dauzka Bauke Mollema eta Steven Kruijswijk, eta dena emanda joan ziren biak, Daniel Martin (Garmin-Cervelo) taldekide gisa hartuta. Baina, horrela ere, ezin.

Txirrindulari bakarrak hautsi zezakeen tropelaren oreka: Rodriguezek. Eta helmugara iristeko kilometro bat pasatxo falta zenean jo zuen erasoa kataluniarrak. Zoragarria. Zazpi segundoko altxorra besterik ez zuen lortu. Wigginsek dagoeneko jantzi du maillot gorria. Rodriguezekiko 23 segundo galdu zituen Janez Brajkovicek (RadioShack). Eta 34 Denis Mentxovek, Carlos Sastrek (Geox), Maxime Monfortek (Leopard-Trek), Michele Scarponik (Lampre) eta Marzio Bruseghinek (Movistar). Tantaka-tantaka, erortzen ari dira faboritoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.