TXIRRINDULARITZA

Bere legea ezarri du Gannak

Ineos taldeko txirrindulari italiarrak irabazi du Giroko lehen etapa, zortzi kilometroko erlojupekoa, eta maglia arrosa jantzi du. Faboritoen artean, Bardet bakarrik izan du atzetik Landa

Filippo Ganna, maglia arrosa jantzita, gaur, Turinen. GIRO
inigo lasa fresneda
2021eko maiatzaren 8a
18:10
Entzun

Filippo Gannak (Ineos) jantzi du lehen maglia arrosa Italiako Giroan. Bera zen estreinako etapa irabazteko hautagai nagusia, eta iragarpenak bete ditu. Erlojuaren kontrako saioetan espezialista da italiarra, eta lehiatu dituen azken erlojupekoetan fin ibili ez bada ere, erakustaldia eman du. Gaurkoarekin, bost dira Gannak Giroan irabazi dituen etapak.

Pedal kolpe indartsuarekin eta bihurguneetan arriskatuz, 8.47 behar izan du helmugara ailegatzeko Gannak. 8,6 kilometroetan, hamar segundo atera dizkio Edoardo Affini (Jumbo) bigarren sailkatuari, eta hamahiru podiuma osatu duen Tobias Fossi (Jumbo). Remi Cavagna (Deceuninck), garaipena eskuratzeko beste faborito handia, bosgarren izan izan da.

Lasterketa irabaztea helburu duten ziklisten artean Joao Almeida (Deceuninck) izan da azkarrena. Portugaldarrak bederatzi minutu eta lau segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Ez du oso aparte izan Remco Evenepoel taldekidea, bi segundo eskasetara. Flandiar gaztea iragan abuztuan eroriko larria izan eta gero, gaur itzuli da lehiaketara, eta ez du bestelako erlojupekoa egin. Osatuta dagoela erakutsi du, eta zazpigarren sailkatu da. Bederatzi hilabete bakarkako lanean ibili eta gero, ikusi egin beharko da nola erantzuten dion gorputzak hurrengo hiru asteetan.

Deceuninckeko bi gazteek haiekin batera sailkapen nagusian lehian ibiltzekoak diren gehienei hamar eta 30 segundo arteko errenta atera diete. Gehien gerturatu zaiena Aleksandr Vlasov (Astana) izan da: Almeidak baino sei segundo gehiago behar izan ditu erlojupekoa osatzeko.

Ia denbora berbera behar izan dute Simon Yatesek (BikeExchange) eta Egan Bernalek (Ineos) erlojupekoa osatzeko. Giroa irabazteko faborito nagusiak dira, eta ia denbora tarterik ez da sortu haien artean. Ingelesak segundo bat gutxiago behar izan du ziklista kolonbiarrak baino.

Giroa da Mikel Landaren (Bahrain) lasterketa, baina murgiarra ez da iaioa erlojuaren aurkako saioetan. Gaur ere lasterketako faboritoekiko denbora galdu du: 35 segundo Almeidarekiko, besteak beste. Yates eta Bernalengandik hamar segundora da sailkapenean. Denbora tarte berberara du bere taldekide Peio Bilbao. Gernikarra ondo moldatzen da bakarkako lanetan, eta hainbestean ibili da.

Euskal herritarren artean, denbora onena ezarri duena, baina, Jonathan Castroviejo (Ineos) izan da. Getxoztarra espezialista da erlojupekoetan, eta gaur ere nahiko saio polita osatu du. Amaieran, hamahirugarren denborarik onena egin du, Gannarengandik 27 segundora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.