Eneko Sagarmendi

Bere tokia aurkitu du

Eneko Sagarmendik laugarren txapela irabazi du pilota egokituko Master Cup irekian; inork baino gehiago. Haren ustez, beharrezkoak dira halako txapelketak, euren kirola «ezagutarazteko eta ikusgaitasuna lortzeko».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Kirol guztiek dute euren izarra, eta euskal pilota egokituak ere badu berea: Eneko Sagarmendi da (Mutriku, Gipuzkoa, 1997). Inork ez du haren pareko garaipen zerrendarik: besteak beste, lau aldiz irabazi du Master Cup irekia, palaz. Herenegun jantzi zuen laugarren txapela, Getarian (Gipuzkoa), Xabier Aizkorreta hernaniarrarekin batera. 25-20 hartu zituzten mendean adimen urritasuneko finalean Iraitz Huegun eta Jurdan Arakistain.

«Oso-oso pozik nago. Sekulako ilusioa egin dit beste txapel bat irabazteak. Asko poztu naiz Xabirekin txapeldun izateagatik ere. Oso gustura aritu gara elkarrekin txapelketa osoan», aitortu du txapela lortu ondorengo egunean. «Baina» bakarra jarri dio: frontoia ia hutsik egon zela: «Pena handia izan zen ikuslerik gabe izatea finala. Aurreko urteetan ikusleak egon ziren, eta oso polita izan zen, giro handia egon baitzen. Oraingoan, ordea, tristeagoa izan da dena. Izeba-osaba batzuk eta lehengusu bat bakarrik egon ziren ni animatzen harmailan. Lagunen falta sumatu nuen. Hala ere, poz handia hartu nuen Mutrikuko, Zarauzko eta Errenteriko lagunek harmailan zintzilikatutako pankarta ikusi nuenean». Ospatu, ordea, ospatu zuten, mahai baten bueltan. «Sagardotegi batean bazkaldu genuen. Oso gustura egon ginen».

Goiz oheratu zen, goiz altxatu beharra baitzuen: zazpi ordu pasatxoko lanaldia zuen zain. «Gureak-en egiten dut lan, Donostian, automozioan. Autoentzako kableak egiten ditut». Gustuko du lana, baina aitortu du atzo ohi baino gusturago joan zela lanera, beste txapel bat irabazi izanaz harro. Iritsi orduko jaso zituen lankideen zorionak. Jada ohituta daude haren lorpenetara. Lau aldiz irabazi du Master Cup irekia, baina baita beste makina bat txapel ere. Larunbat honetan bertan jantz dezake beste bat, Gipuzkoako Buruz Buruko Txapelketakoa. «Oso lehiakorra naiz. Gustatzen zait txapelketa jokatzea». Haren ustez, «beharrezkoak» dira Master Cup irekia bezalako txapelketak, euren kirola «ezagutarazteko eta ikusgaitasuna lortzeko». Baita hainbat balio aldarrikatzeko ere: borondatea, ilusioa, grina, lehia, elkartasuna eta kemena.

Hark «serio» hartzen du kirola. Aspaldi esan zion bere entrenatzaile Mikel Merinori «gogor» entrenatu nahi zela. Ondo zehaztua du prestaketa osoa: «Astean behin entrenatzen naiz, ostiraletan, egun horretan eguerdian amaitzen baitut lana. Beste egunetan, gainera, ikasi egiten dut arratsaldetan, DBHko Hirugarren Maila, Errenteriako HHEn. Beraz, asteburuaz gain, ostirala da libre dudan egun bakarra. Ordu eta erdi aritzen naiz jo eta ke entrenatzen frontoian. Asteburuetan, berriz, txapelketak jokatzen ditut».

Mindara, «etxea»

Mutrikun jaio zen, baina Errenterian (Gipuzkoa) bizi da 2014tik. Dioenez, aldaketa hori «mugarri» izan da bere bizitzan eta kirol ibilbidean. «Hona etorri eta urtebetera-edo, amak esan zidan herrian bazegoela kirol egokituko klub bat: Mindara. Probatzeko esan zidan, eta baietz esan nuen. Palan hasi nintzen jokatzen, eta berehala egin zidaten fitxa. Niri betidanik gustatu izan zait frontoian jokatzea. Txikitan orduak eta orduak ematen genituen herriko frontoian esku pilotan. Aimar Olaizola da nire idoloa! Baina egun, nahiago dut palan aritzea. Ez da horren sufritua. Mindaran horretarako aukera dut. Izugarri gustura nago. Oso maitatua sentitzen naiz».

Barru-barrutik irten zaio aitormena, gaizki pasatu izan duen seinale: «Itziarren pilotan aritu nintzenenean bullying-a egin zidaten. Oso gaizki pasatu nuen. Mindaran, ordea, nire tokia aurkitu dut; nire etxea da. Palan jokatzeaz gain, lagun pila egin ditut. Zorte handia dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.