Berlin gertuago dago

Tau Baskoniak zorte handi samarra eduki du zozketan, eta multzo erosoa egokitu zaio Top 16an: Olympiacos, Milan eta Prokom

Andoni Urbistondo.
2009ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Tau Baskoniak zorte handia izan zuen atzo Euroligako Top 16ko zozketan, eta erratzeko beldurrik gabe esan daiteke Berlingo Lauko Finala gertuago daukala. Tauk talde guztiek nahi zituzten bi aurkari samurrak izango ditu bere multzoan: Italiako Armani Jeans Milan eta Poloniako Asseco Prokom Trefl. Zozketak, bestalde, talde indartsu bat elkartu behar zuen Tau Baskoniarekin, beste multzoetako bigarren sailkaturen bat, derrigor, eta talde indartsu hori gaizto samarra da: Olympiacos. Greziako talde hori izango da, hain zuzen ere, arabarrek Berlinera bidean hurrengo hilabete eta erdian izango duten koskarik zailena. Top 16 ligaxkako lehen bi sailkatuek final-laurdenak jokatuko dituzte, eta multzoko liderrak etxean jokatuko luke berdintasuna hautsiko lukeen norgehiagoka, Berlinerako bidaia ziurtatuko duena. Bistan da Tau Baskonia eta Olympiacos direla sailkatzeko faborito argiak, eta euren arteko bi demek erabakiko dutela multzoko liderra.

Aurkari indartsu bat, eta bi eroso. Ondorio hori hobeto ulertzen da F, G eta H multzoen osaketa errepasatu ondoren. Lehia askoz estuagoa izango delako. Bartzelonak Real Madril, Maccabi Tel Aviv eta Alba Berlinekin neurtu beharko ditu indarrak, F multzoan. Hiru talde indartsu, eta laugarrena, zaila. G multzoan da denetan zailena, eta final-laurdenetarako sailkatzeko piztuko diren txinpartak ikaragarriak izango dira: Unicaja zerrendaburuak oso zorte txarra izan du: Erromako Lottomatica, Atenasko Panathinaikos eta Belgradeko Partizan izango ditu aurkari. Hiru talde indartsu parez pare. H multzoan bide etzanagoa topa dezakete Moskuko CSKAk eta Sienako Montepaschik, baina tentuz jardun beharko dute. Fenerbahce Ulker eta Zagrebeko Cibona dira beste bi aurkariak. Bi talde indartsu, eta bi zail.

Top 16an Europako hamasei talde onenak parte hartzen duten heinean, talde erosoak daudela gehiegikeritzat jo daiteke, baina ezin da ukatu Tau Baskonia eta Armani eta Prokom taldeen artean dagoen jauzia. Haien aurka euren kantxan jokatu beharreko bi partidak ez dira errazak izango, baina bai irabazteko modukoak. Armani Jeans eta Prokom taldeak justu-justu pasatu ziren Top 16ra. Azken jardunaldian, hain zuzen ere, eta liga erregularrean haiek egindako lanak garbi uzten du, Top 16an egon arren, Europako saskibaloiaren elitetik urrun daudela bi talde horiek.

Poloniako Prokom 2-8 balantzearekin sailkatu da Top 16a jokatzeko. Analisi askorik egin gabe, marka eskas hori nahikoa da talde horren kalitate apalaren berri edukitzeko. Armani Jeans Milan D multzoko hirugarren postuan sailkatu zen, baina jokatu zituen azken hiru partidak irabazi zituen jarraian. Abenduan Top 16tik kanpo zegoen, 2-5 balantzearekin, baina azken hiru partidak irabazita, 5-5 balantzea egin eta Top 16a jokatuko du.

Prokomek ez du jokalari ezagun-ezagunik. Ronnie Burrell hegal-pibot estatubatuarra da haien jokalari onena (9,7 puntu eta 7,4 errebote partidako). Antzekoa gertatzen da AJ Milan taldean. David Hawkins eskolta estatubatuarra da haien erreferentzia (14,3 puntu partidako).

Euroliga irabazteko hautagaia

Egoera arrunt ezberdina da Olympiacosen. Denboraldiro Euroliga irabazteko helburua du talde horrek, baina, azken urteetan, atarian geratu da. 2006-2007 denboraldian Tau Baskoniak kanporatu zuen final-laurdenetan, eta joan den denboraldian ere CSKA Moskuk utzi zuen bide ertzean, kanporaketa berean. Panaggiotis Giannakis jokalari ohiari eman diote lema, eta lemarekin batera mugarik gabeko dirutza, nahi duen moduan erabiltzeko. Giannakisek oinarritik ekin zion taldea berreraikitzeari, eta Theo Papaloukas fitxatu zuen, ziurrenik Europa osoko 1-2 postuetan jokatzen duen jokalari trebeena. Taldeko beste makulua Josh Childress da, NBAn zenbaki politak izan arren, Europara jauzia ematea erabaki zuen jokalaria. Hori bai, urteko sei milioi dolarren truke. Nikola Vujcic kroaziarra, Yotam Halperin israeldarra, Lynn Greer estatubatuarra, eta Greziako izar sortak osatzen dute taldeko bizkarrezurra: Sofoklis Schortsianitis morroskoa, Ioanis Bouroussis erraldoia, eta Panagiotis Vassilopoulos eraginkorra.

Tau Baskoniak aldeko izango du egutegia. Datorren astean ekingo dio Top 16ari etxean, Prokomen aurka (urtarrilaren 28an edo 29an). Atenasera egingo du bidaia ondoren, eta AJ Milan hartu etxean. Espainiako Kopa jokatu ondoren bi bidaia egin beharko ditu jarraian Baskoniak. Milanera aurrena (Italia), Poloniara ondoren. Martxoaren 11n edo 12an izango da azken hitzordua, erabakigarriena, agian: Olympiacos izango dute gasteiztarrek bisitari Buesa Arenan. Udaberria ate joka dela, Bartzelona, Real Madril edo Maccabi izango ditu zain. Berlinera iristeko azken koska.

Tau Baskoniako ordezkariak pozik azaldu ziren zozketarekin. «Pozik gaude. Orain gogor borrokatu beharra dugu sailkatu nahi badugu», esan zuen atzo Josean Kerejeta presidenteak. Igor Rakocevicek, berriz, aitortu zuen zortea izan zutela, baina ezin direla lasaitu, «ustekabeak saihesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.