Futbola

Berme handia lortu du Athleticek (1-1)

Athleticek ahalegin fisiko ikusgarriari esker urratu du puntu bat Real Madrilen aurka. Simonek geldiketa handiak egin ditu

Dani Garcia eta Iker Muniain Athletice gola ospatzen. J. Z. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko irailaren 15a
23:03
Entzun

Golak. 1-0: Muniainek (32. min.). 1-1: Iscok (63. min.). Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Athleticeko Yeray, Yury, Simon eta Dani Garciari; eta Real Madrileko Carvajal eta Vazquezi. Bestelakoak. 46.413 ikusle San Mamesen. Belarra luze samar zegoen.

 

an Mames pozik hustu zen atzo gauean. Ikusleek txalo zaparrada handi batekin agurtu zituzten jokalariak. Zaleek, jokalariek, Eduardo Berizzok berak eta zuzendaritzak aho gustu onarekin hartu zuten etxerako bidea. Zuri-gorriek ligan jokaturiko lehen partidek  iritzi ezberdinak sortu zituzten.  Zalantzak sortu zituztela esatea gehiegizkoa litzateke, baina atzokoa bezalako bultzada batek berme handia emango dio egitasmoari. Izan ere, itxura oso ona eman zuen Txapeldunen Ligako txapeldunaren aurka, eta harmailek gozatu egin zuten.
Athleticek ez zuen joko koloretsurik egin, baina jarrera eredugarria erakutsi zuen. Ahalegin fisiko harrigarriari eta elkarlanerako borondate handiari esker urratu zuen puntu bat. Tira, eta Unai Simoni esker. Berea behin behineko atezain postua dela entzuten du astero, Herrerinen osasunaren eta Remiroren kontratuaren zain, baina atzokoan segurtasun handia erakutsi zuen. Ez zen sentsazio kontua izan bakarrik, meritu handiko geldiketak egin baitzituen atepean.
Eduardo Berizzok hiru aste izan zituen atzoko partida prestatzeko, eta aldagai berri bat plazaratu zuen. Jokalari guztiei buruz buruko zaintza lana egiteko agindu zien. Bati baino gehiagori Marcelo Bielsaren garaiak etorri zitzaizkion burura. Aukera ausarta da, baina kontzentrazio handia eta hanka freskoak eskatzen ditu. Intentsitate handiz ekin zion partidari, eta Real Madrilen irudimena blaitu  zuen izerdiarekin.
Zaintza lana lehenetsi zuen Berizzok, eta erasoan nabaritu zen. Argia falta izan zitzaion Athletici, baina lanaren bidetik ere sor daitezke aukerak. Gola horrela iritsi zen (32. min.), Susaetaren korrikaldi luze baten ondoren. Eibartarrak pase zehatza eman zion area barruan De Marcosi, eta haren erdiraketa Muniainek bidali zuen sareetara jokaldi katramilatu batean. Jokaldiak datu harrigarria utzi zuen: kontraerasoa izan arren, Athleticeko lau jokalari zeuden Real Madrilen area txikian sartuta. Jokaldi hori, baina, ez zen lehen zatiaren lagina izan, Real Madrilek aukera gehiago izan zituelako. Bi izan zituen bereziki onak: Asensio (29. min.) eta Modricen bana (38. min.), eta bietan Simonekin egin zuten topo. Merituengatik bada, kostako da hura hasierako hamaikakotik kentzea.  
Nekearen eragina
Athleticek jarrera berdinarekin eta emaitza alde zuela ekin zion bigarren zatiari. Presioa, baina, ez zen hain eraginkorra izan. Minutuak pilatzen ari zen, eta etxekoen nekeak arnasa eman zion Real Madrili. Kanpokoek errazago konbinatu zuten, zuloak handiagoak zirelako eta jokaldi eder zehatz batan sartu zuen banakoa (63. min.): Kroosek pase luzea eman zin Baleri, hark dotore erdiratu zuen eta Iscok, arean bakarrik, buruz bidali zuen baloia sareetara. Kalitate gola izan zen.
Golak min handia egin zion Athletici. Saiatu arren ezin izan zuen gola eragotzi, eta Real Madril hazita zegoen. Berizzok aldaketak egin zituen hanka freskoen bila, eta jokalariek eskarmentua erakutsi zuten. Falta taktiko asko egin zituzten eta txartel hori asko erakutsi zituzten, baina partida moteltzea lortu zuten. Une batzuetan berotu eta guzti egin zen. Dani Garcia eta Yury bezalako jokalariek nortasun handia txertatu diote taldeari,  baino hori ondo bideratzen asmatu behar du. Real Madrilek, dena den, guzti horri aurre egiteko maila badu, eta beste bi aukera garbi izan zituen. Bietan, baina, Simon agertu zen. Atezaina izan zen onena atzokoan, funtsezkoa puntua lortzeko. Agian, bera izan zen berme gehien irabazi zuena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.