Lehen igandeko sailkapena iraulita, Urdaibairentzat izan da Kontxako banderaren 120. edizioa. Bermeotarrek ohorezko txanda irabazi dute gizonezkoen estropadan, eta sei segundo eta 80 ehunekoko aldearekin nagusitu zaizkie Hondarribiako arraunlariei. Hondarribiaren ehuneko gutxira iritsi dira Orio eta Kaiku. Horrela, iazko garaipena errepikatu du Urdaibaik; laugarren Kontxako bandera da Bermeokoentzat.
Oso estu, emozioz betea joan da ohorezko txanda ziabogara bidean. Orio apur bat aurreratuta, lau traineruak lau segundoko aldean joan dira badiatik kanpora. Ziabogan, Urdaibai jarri da aurretik, eta pixkanaka segundoak galduz joan da Hondarribia, tartean Orio eta Kaiku zirela. Badia barruan, aldea murriztu du Hondarribiak, baina ez banderari eusteko adina.
Lehen txandan, San Juan izan da nagusi, joan-etorria 19 minutu eta 41 segundoko denboran eginda. San Pedro 9 segundora heldu da, eta Tiran 27ra. Donostiarra Pasai Donibanekoak baino 42 segundo geroago helmugaratu dira.
Banderako Sailkapena:
Bermeo: 38:35,30
Hondarribia: 4,88ra
Orio: 19,46ra
Kaiku: 21,22ra
San Juan: 41,68
San Pedro: 1:04ra
Tiran: 1:16ra
Donostiarra: 2:02ra