Italiako Giroa

Bernal ez da motz geratu

Kolonbiarrak ia poltsikoan du Giroa, 16. etapan beste erakustaldi bat egin ondotik. Ibilbidea laburtu dute, eguraldi baldintzen ondorioz. Izagirre zortzigarren izan da, 2.31ra

enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 24a
18:38
Entzun

Besoak altxatzea ez zen aski Egan Bernalentzat (Ineos): zira erantzi, eta maglia arrosaren jabea nor den erakutsiz sartu da Cortina d'Ampezzoko helmugan. Aise atzeratu ditu berriz ere aurkari guztiak, eta ia erabakita utzi du Giroa. Lasterketako etapa nagusia izan behar zuen gaurkoak, baina moztu egin dute antolatzaileek, muturreko eguraldi baldintzak zeudela argudiatuta. Hala, 153 kilometroko saioa jokatu da azkenean, eta ez dituzte Marmolada eta Pordoi igo. Giau bai, ordea, eta bertan piztu du sua Bernalek, helmugarako 22 kilometro falta zirela. Bakarrik irten da, eta halaxe egin ditu helmugara artekoak. 

Antolatzaileen erabakiarekin haserre agertu da kolonbiarra. Etapa gogorra nahi zuen, oraintxe duen ahalmen ia mugagabeari etekina ateratzeko. Bada, ibilbidea laburtu duten arren, Bernal ez da motz gelditu, alde handiak atera baitizkie arerioei: 27 segundo Romain Bardet (DSM) eta Damiano Carusori (Bahrain), 1.18 Giulio Cicconeri (Trek), 1.19  Hugh Carthyri (Education), 1.21 Joao Almeidari (Deceuninck), 2.11 Aleksandr Vlasovi (Astana) eta 2.37 Simon Yatesi (Bike Exchange). Ingelesa behetik gora zihoala zirudien, baina gaur ahul agertu da berriro. Etsai ditu euria eta hotza. Bere txarrean, ez da erabat amildu, Remco Evenepoel (Deceuninck) ez bezala: 24 minutu galdu ditu, eta baliteke bihar bertan uztea lasterketa, atseden eguna dela baliatuta. Gorka Izagirrek (Astana), berriz, zortzigarren egin du, 2.31ra. 

Ibilbidea laburtzeko erabakiak sortutako kalapitaren erdian abiatu da etapa. 22 lagunek egin dute ihes, eta 100 kilometroren faltan, sei txirrindulari nabarmendu dira: Izagirre, Almeida, Amanuel Ghebreigzabhier eta Vincenzo Nibali (Trek), Davide Formolo (UAE) eta Antonio Pedrero (Movistar). Giaura bidean eskapada handia egin du Izagirrek, errepide bazterrean zegoen auto bat doi-doi saihestuta. Tropelean, Education Firstek zuen ekimena. Evenepoel jada ez zen bertan ageri. 

Onenak erritmo gogorrean hasi dira Giau igotzen. Xehatu handia hartu du multzoak, eta Yatesen ezina bistaratu da. Vlasov, berriz, atzetik aurrera egin nahian zebilen, arazo mekaniko bat izan eta gero. Hura hurbiltzen ari zela jo du Bernalek. Ziztu batean aurreratu du Pedrero. Giroa erabakitzeko erasoa izan da.

Soilik Carusok eta Bardetek eutsi diote kolonbiarraren oldarrari, eta gerturatu egin zaizkio helmugara bidean, maldan behera. Gauzak hala, Caruso bigarren jarri da sailkapen nagusian, 2.24ra, eta hirugarren Carthy dago orain, 3.40ra. Yatesek hiru postu egin ditu atzera, bosgarren koskaraino; 4.20ra du lidergoa. Bihar atseden hartuko dute txirrindulariek, azken txanpa gogorrari heldu aurretik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.