Hasieratik amaieraraino gizon bakarra izan da nagusi aurtengo Italiako Giroan: Egan Bernal (Ineos). Kolonbiarra lider sendoa izan damaglia arrosa jantzi zuenetik, eta sendotasun horrekin gurutzatu zuen atzo ere Milango (Italia) helmuga, azken erlojupekoaren amaieran. Sailkapen nagusiak minutu bat eta 29 segundoren tartea atera zion Bernalek bigarren sailkatuari, Damiano Carusori (Bahrain). Podiuma Simon Yatesek (Bike Exchange) osatu zuen.
Sailkapen nagusian Bernal da nagusi, baina erlojupekoetan ere badu lider sendoa Giroak: Filippo Ganna (Ineos). Italiarrak irabazi zuen atzoko etapa, eta hura izan da garaile Giroan egin diren azken bost erlojupeko etapetan. Bigarren sailkatuari, Remi Cavagnari (Deceunick), hamabi segundu atera zizkion, eta hamahiru hirugarrenari, Edoardo Affiniri (Jumbo).
Bernalek irabazten duen bigarren hiru asteko itzulia da aurtengo Giroa; aurretik, nagusi izan zen 2019ko Frantziako Tourrean. Sailkapen nagusiko euskaldunik onena Pello Bilbao (Bahrain) izan da, hamahirugarren, Bernalegandik ia 38 minutura.