Bero egiten du Anoetan

Partida ikusgarririk egin gabe, baina Realak eroso irabazi dio Deportivori, Llorente, Griezmann eta Agirretxeren golei esker

unai zubeldia
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Aukera zen, baina arriskua ere bai. Sailkapenean Athletici begira zeuden asko, baina Deportivori begira ere bai. Sei puntuko partida zen atzokoa, eta jaitsieraren mamua zegoen tartean. Zortzigarren jardunaldia besterik ez zen atzokoa, baina alde handia dago zazpi punturekin jaitsiera postuetan geratzetik, hamar punturekin Malagaren aurkako igandeko partidari konfiantzaz gainezka aurre egitera. Partida ikusgarririk jokatu gabe ere, Realak nahikoa eroso irabazi zion atzo Deportivori, Llorentek, Griezmannek eta Agirretxek sartutako golei esker. Hamar punturekin, 11. postuan daude orain txuri-urdinak, Athleticekin berdinduta. Lau partida jokatu dituzte donostiarrek etxean, eta hiru irabazi dituzte, Vila-real (1-0), Espanyol (1-0) eta Deportivoren aurka (3-0). Real Madrilen aurka, berriz, handia egiteko zorian izan ziren (1-2). Bero egiten du Anoetan, Reala piztu egiten da etxean, eta etxetik kanpo edukitzen duen gehiegizko tentsio hori askatzen duenean, gozatu egiten du berdegunean.

Polita da 3-0ekoa, baina argi azaldu beharrekoa da Realak atzo ez zuela goi mailako partidarik jokatu. Hotz hasi zuen partida. Baloia kontrolatuz, bai, baina erasoan jokaldirik lotu ezinik. Lotuta ari ziren etxekoak, eta ezinean Deportivo. Lehen ordu erdian ez zuten ezer egin bisitariek. Realak goi-goian berreskuratzen zuen baloia, eta eskuin zein ezker hegaletatik min egiteko aukera dezente eduki zuen. Hala ere, erdiraketetan asmatu ezinik ibili ziren lehen minutu horietan. 17. minutuan asmatu zuen De la Bellak erdiratzen -indar handia eman zion baloiari-, eta Llorentek zoragarri gurutzatu zuen baloia, buruz. 1-0. Zailena eginda zegoen.

Realak asko eskertzen du Zurutuzak lerro artean egiten duen lana, eta atzo ere erotu egin zuen Deportivoren atzealdea. Dena den, azken pasean asmatu ezinik zebiltzan etxekoak. Eta markagailua hain estu dagoenean, edozein kontraeraso bihurtzen da arriskutsu. Coruñako taldeak ez zuen arriskurik sortu lehen 34 minutuetan, baina ezker hegaletik arean sartuta, Di Maria Real Madrilekoak hirugarren jardunaldian egin zuen moduan, 1-1ekoa lortzeko zorian izan zen Desmarech. Zorionez, Desmarech ez da Di Maria, eta Deportivoko erdilariaren jaurtiketa kanpora joan zen.

Deportivo nagusi zelai erdian

45. minutuan ateratako korner batean gertu eduki zuen Llorentek 2-0ekoa, baina 1-0eko markagailu estuarekin joan ziren bi taldeak aldageletara. Batere sufritu gabe, eta aukera argi bakarra sortuta, 1-0. Baina bigarren zatian dezente aldatu zen egoera. De la Bellak erasoan min egin dezakeela berretsi zuen 46. minutuan, area ertzetik egindako jaurtiketarekin, baina pixkanaka partidaren kontrola hartu zuen Deportivok. Rikik eragin handia izan zuen aldaketa horretan. Zelai erdian nagusitu eta Realaren areara iristen hasi zen Deportivo, eta Rikik bi aukera on eduki zituen 57. minutuan eta 66.ean. Lehenengoan kanpora joan zitzaion area ertzetik egindako jaurtiketa, eta bigarrenean geldiketa dotorea egin zuen Bravok. 1-1ekoa izan zitekeen, eta Riki bera bere onetik atera zen Realeko atezainaren geldiketarekin.

Hortxe amaitu zitzaion arnasa Deportivori, eta joan-etorriko jokoan itota, amore eman zuten Miguel Angel Lotinaren jokalariek. 71. minutuan, Xabi Prieto eta Carlos Martinezen artean egindako jokaldia bikain amaitu zuen Griezmannek, buruz; eta 85. minutuan Sarpongen kontraerasoari ere amaiera ona eman zion Agirretxek. Anoetako berotasunean arnasa hartu du Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.