Barruak bero edukitzea omen hotzari aurre egiteko modurik egokiena. Bada, Bilbon ez dago beroki askoren beharrik. Ez dago berogailuaren premia handirik. Hitz batean, ez dago elurrarenondorioen beldurrik. Bero dago hiriburua. Bero dago Lezama. Eta ez kafe egin berria edan duelako, lehen ametsa zena bete egin delako baizik. Athletic Espainiako Kopako finalean dago; gabarra kalera ateratzeko pauso bakar batera, alegia. Ilusioa da nagusi. Nabari da jokalarien irribarrean. Ordea,azken atearen giltza falta da. Eta erne, Bartzelona baita atea ireki ahal izateko menderatu beharreko aurkaria. Hain zuzen ere, orain hiru urte zuri-gorrien ametsa zapuztu zuena.
Futboleko arrosa da Pep Guardiolaren taldea, loreak bata bestearen atzetik jasotzen dituena. Baina arrosa ederrenak ere arantzak izan ohi ditu. Eta horretantxe ahaleginduko da Athletic, ustekabea ematen. Espainiako Ligako partidan 2-2 amaitu zuten bi taldeek San Mameseko partida. Puntu bat baino gehiago eman zion lehia hark Marcelo Bielsaren taldeari, Bartzelonari irabaz diezaiokeela argi geratu baitzen. Beraz, bada baikor egoteko arrazoirik.
«Edozer gauza gerta daiteke finalean, eta guk irabazteko aukera izango dugu, ziur nago. Orain hiru urtekoa ahazteko modurik onena litzateke titulua irabaztea. Niretzat amestutako norgehiagoka da», adierazi zuen atzo Ander Iturraspek, lan saioa bukatu berritan. Elkarri errespetu handia dioten bi talde arituko dira norgehiagoka. Guardiolak hala dio, behintzat: «Ikuskizun hutsa izango da finala. Athleticek talde izugarria dauka, eta ez dago faborito garbirik». Eguna iritsi arte inork ez daki nor izango den garailea, baina, Guardiolaren arabera, jakina da aldez aurretik «futbolak irabaziko» duela.
Egiari zor, Bartzelonak baino bide errazagoa izan dute zuri-gorriek. Errazagoak ez du esan nahi, ordea, erraza izan denik. Finala lan onaren fruitu dela iritzi dio Iturraspek: «Kanporaketa guztietan gehiago izan gara. Lehen Mailako talde bat soilik egokitu zaigu, Mallorca, baina besteek ere zail ipini dizkigute gauzak. Merezita sailkatu gara». Zalantzarik ez du egiten, halere, zailena iristeke dagoela: «Inoiz ikusi dudan talderik onena da Bartzelona, eta, beraz, gaitza izango da irabaztea. Baina gu horretarako gaude. Egun polita izango da».
Cesc Fabregas Herrialde Katalanetako jokalariak ere hitz politak izan zituen Athleticentzat: «Nik ez nuen jokatu 2009ko finala, eta gogotsu nago. Harriturik nauka zuri-gorrien jokoak, oso ondo mugitzen baitute baloia. Jokalari on asko dauzkate». Hainbat adituk eta arituk bi taldeen jokoa konparatu izan dute, baina garaipen zerrendari begiratuta ikusi besterik ez dago azken urteetan nor izan den errege. Historiako lerroei erreparatuta, hori bai, parean daude, Espaniako Kopari dagokionez betiere. 37 final jokatu dituzte guztira. 24 titulu irabazi ditu Athleticek, eta hamahiru aldiz izan da txapeldunorde.
Sasoi onean egin diete aurre finalerdiei bi taldeek. Guardiolaren arabera, Bartzelona ez dago onenean; baina, halere, begi bistakoa da daukan kalitatea. Finala, baina, urrun dago. Oso urrun. Eguna oraindik ez da zehatza. Bartzelonak Txapeldunen Ligako finala jokatuko balu, maiatzaren 25ean izango litzateke partida, ostiralez. Aldiz, lehiatik at geratuko balira Guardiolarenak, 20an jokatuko lukete, igandez.
Oraingo sasoiari eusten, beraz, zaila izango da aurrerantzean. Eta horixe da Athleticeko zaleen galdera nagusia. Edo, hobeto esanda, beldur nagusia. Iraungo al dute zuri-gorriek hain joko gustagarria egiten? Eta hain indartsua izaten? Kontuan izanda Bielsak hamalau jokalari soilik erabiltzen dituela, ez da erraza izango. Ez da iritzi berekoa Iturraspe: «Finalera momentu onean helduko gara. Eroso sentitzen gara zelaian, eta berdin jarraituko dugu. Ez gara nekatuko». Athleticek aurtengo denboraldian marka bat ezarriko du, inoizko partida gehien jokatuko baitu: 56 gutxienez.
Ekiza, edonon jokatzeko prest
Eguna bezalaxe, finaleko zelaia ere zehaztu gabe dago oraindik. Aukera gehien Mestallak zuen hasiera batean, baina badirudi Camp Nou ere hautagaietako bat dela. Izan ere, askoz zale gehiago sartzen dira han. Athleticek esan duenez, gainera, nahiago luke hara jo Valentziara baino. Borja Ekizak hala esan zuen atzo: «Harmaila handienak dituen zelaia nahi dugu, eta edonon aritzeko prest gaude». 2009ko lehia Mestallan jokatu zen, eta talde bakoitzari 17.000 sarrera banatu zizkioten. Bartzelonaren zelaian jokatuko balitz, berriz, 33.000 sarrera emango lizkiekete Bartzelonari zein Athletici.
Santiago Bernabeu da beste aukera bat. Baina, finalaren garaian konponketa batzuk egin behar dituztela eta, badirudi han ez dela jokatuko. Dena den, astelehenean emango du erabakiaren berri Espainiako Federazioak.
Kopa ahaztu eta Ligari begira jartzea tokatzen da orain. Bihar Betisi egingo dio bisita Bielsaren taldeak, eta neurketa oso da garrantzitsua, Europako postuetatik ez aldentzeko. Andoni Iraolak 300. lehia jokatuko du elastiko zuri-gorriarekin.
Bero egiten du Bilbon
Athleticeko jokalariak baikor ageri dira Kopako finala Bartzelonari irabazteko eta, bide batez, 2009ko arantza ateratzekoCamp Noun edo Mestallan jokatuko da ia ziur finala; astelehenean erabakiko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu