Betis 2. Athletic 1

Berriro kolpea azken unean

Athleticek galdu egin du Benito Villamarinen, Nelsonek partida amaitzear zela sartutako gol baten erruz

Julen Etxeberria.
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Betis. Fabricio; Nelson, Paulao, Dorado, Nacho; Beñat, Iriney, Salva Sevilla (Pozuelo, 69. min.); Ruben Castro, Jorge Molina (Santa Cruz, 74. min.) eta Jefferson Montero (Jonathan Pereira, 55. min.).

Athletic. Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iñigo Perez (San Jose, 46. min.), Iturraspe, De Marcos; Susaeta, Llorente eta Muniain (Ekiza, 69. min.).

Golak. 1-0. Ruben Castrok (10. min.). 1-1. Javi Martinezek (23. min.). 2-1. Nelsonek (90. min.).

Epailea. J. Antonio Teixeira Vitienes. Txartel horiak: Betiseko Jorge Molina, Iriney, Beñat, Nelson eta Santa Cruzi; eta Athleticeko Aurtenetxeri. Txartel gorria: Javi Martinezi, bi txartel hori ikusi ondoren (64. min.).

Bestelakoak. 30.000 ikusle inguru Benito Villamarinen.

Zaila da lorpen handi baten ostean tentsioari eustea. Ohikoa da norbere buruari helburu bat ezarri eta behin hura beteta, burua apur bat lasaitzea. Eta kirolean, gehiegizko lasaitasunak gutxitan dakar gauza onik.

Athletic arrisku horren jakitun zen Betisi egin beharreko bisitan, hots, bete-betean aritu ezean, garesti ordain zezakeela. Marcelo Bielsak badaezpada emanda zuen abisua: ezin zuten jarraitu pentsatzen Espainiako Kopan lortutakoarekin. Egia da talde zuri-gorriak lorpen handia eskuratu duela finalerako sailkatuta, baina partida hori iristeko hiru hilabete baino gehiago falta dira. Denbora asko horrekin itsutzeko, are gehiago Athleticen kasuan, Kopan ez ezik, Espainiako eta Europako ligetan ere buru-belarri baitabil. Derrigor eutsi behar dio tentsioari jokatzen duen bakoitzeko, beti izango baitu ezer jokoan.

Atzo, adibidez, Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko aukera zuen irabaziz gero. Bigarren aukera, lehenengoan huts egin baitzuen joan zen larunbatean Espanyolekin San Mamesen berdinduta. Atzokoa ere ez zuen aprobetxatu, galdu egin baitzuen, eta Espanyolen aurka gertatu bezala, azken unean jasotako gol baten erruz. Nelson izan zen oraingoan 90. minutuan borreroaren mozorroa jantzi zuena.

Hori bai, ezin zaio leporatu talde zuri-gorriari tentsiorik gabe aritu zenik. Lehenbizi, aurre egin zion partida hasi eta hamar minutura Ruben Castrok sartutako golari. Nola? Beste kolpe batekin, hamabi minutu geroago Javi Martinezek buruz korner batean sartutako golarekin, hain zuzen ere. Hori gutxi balitz bezala, Athleticek ia ordu erdi egin zuen jokalari bat gutxiagorekin, epaileak 64. minutuan bigarren txartel horia erakutsi baitzion Javi Martinez berari, jauzi batean Jonathan Pereirarekin izandako lehia batean. Zuri-gorriek nola edo hala eutsi zioten Betisen erauntsiari, azken unean Nelsonen gola iritsi zen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.