Beti azken orduan. Baina beti eraginkor. Baskoniak jarduteko modu jakin bat du. Asko aztertzen du merkatua, xehetasun oro, erabaki bat hartu aurretik, eta horrek taldearen osaketa atzeratzen du. Gaur da eguna taldea osatzear dagoena, baina Gasteiz aldean ez dira larritzen horregatik. Dutenarekin aurrera egiten ohituta daude, baita sor daitezkeen gabeziak berehala estaltzera ere. Lehiaketa hastear dagoela, Baskoniak 11 jokalari ditu. Horietako bati, Dejan Musliri, bihar bukatzen zaio hamar eguneko kontratua. Normalean, jarraitu egingo du, talderen batean utzita jokatzeko. Florent Pietrusen kontratua hilabeterako da, eta kantxan irabazi beharko du jarraipena. Litekeena da hala eginda ere taldeak ordezko jokalari hobe bat ekartzea, eta Pietrusen kontratua ez berritzea.
Bi baldintza horiekin, bederatzi jokalarik dute urte osorako kontratua, gutxienez. Nahikoa ote? Elitean dauden beste taldeekin alderatuta, ez. Bartzelonak hamalau ditu, Real Madrilek hamahiru... Normalean diogu, Baskonia 8-10 jokalarirekin moldatzen ohitu delako. Eskarmentua du jokalari kopuru mugatu batekin jarduten, eta denboraldi honetan ere antzekoa gertatuko dela dirudi. Aurrekontu zehatzaren berririk ez dago, baina hamabost milioi euroren bueltan ibiliko da, iragan sasoikoa baino apalxeagoa.
Hamabost milioi eurorekin, jakina, tituluak dira helburu nagusi. Baskonia ACB ligako txapelduna delako, eta Gasteizen tituluak lortzea ez den beste erronkek ez dutelako lekurik. Talde handi egin da urteen joan-etorrian, eta horrek exijentzia ere muturreraino eraman du: tituluek erabakitzen dute denboraldi bat arrakastatsua izan den edo ez. Joan zen denboraldia arrakastatsua izan zen, liga bera bezain ikusgarria izan baitzen Bartzelona ahaltsua nola gainditu zuten finalean (3-0), aurreikuspen guztiak iraulita.
Zer egin dute Josean Kerejeta presidenteak eta zuzendaritzako kideek hamabost milioi eurorekin? Mirariak. Miraria delako Europako harribitxietako bat fitxatzea: Nemanja Bjelica. Apustua ondo edo gaizki ateratzen den, denborak esango du, baina epe laburrean, serbiar gazteak kontinente zaharreko jokalari onenetakoa bihurtzeko gaia dauka. Mirari bat da hori. Ez hainbestekoa David Logan, ez daukalako Bjelicak adinako sona, baina jokalari ona da. 1 eta 2 posizioetan joka dezake, eta estatubatuarrek erantzukizuna hartzeko duten erraztasuna du alde. Marcus Haislip izan da iristen azkena. Kerejetaren ahotan, uda aurretik ere saiatu ziren hegalekoa fitxatzen. Haislip jokalari ona izan da, eta izan den neurrian, izango dela espero behar da.
Baracen jarduna
Beste kontu bat da Tiago Splitterren jardun aparta ahazteko nahikoa izango den. Haislipek bakarrik ez duelako lortuko. Stanko Baracen zeregina ere izango da hori. Mostarrekoarentzat denboraldi erabakigarria da hastear dagoena. Naturak eman dizkion 2,17 metroei eta eskumutur finari etekina ateratzen hasteko unea da kroaziarrarentzat. Denboraldi-aurre bikaina egin du.
Eskatzen hasita, lesioek taldea neurrian zigortzeko eskatu behar da. Joan den sasoia oso gogorra izan zen. Taldeak garesti ordaindu zituen hutsune horiek, batez ere Euroligan. Gasteiz utzi dutenetako bi dira Walter Herrmann eta Lior Eliyahu, Carl Englishekin batera. Etorri diren jokalariek itxura ona dute, baina Herrmannek, Eliyahuk eta Englishek ere itxura ona zuten orain urtebete.
SASKIBALOIA. ESPAINIAKO SUPERKOPA
Berritu edo desagertu
Azken orduan, baina Baskoniak berriz ere lortu du zaleengan ilusioa piztu duen taldea osatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu