Gol bakar bat nahikoa izan du Athleticek Rayo Vallecanori irabazi eta hiru puntuak eskuratzeko. Merezitako hiru puntu, itxura ona eman baitute zuri-gorriek.
Kostata heldu da garaipenaren gola, hala ere. Lehen zatian, aukerak izan ditu Athleticek markagailuan aurre hartzeko, baina Unai Lopezek eta Laportek ez dute asmatu. Williamsek ere izan du abagune garbi bat bigarren zatian.
Partidaren bila joan dira bizkaitarrak, eta azken minutuetan eskuratu dute saria. Balentziagak baloia erdiratu, eta errebote ugariren ostean, Adurizek ezker zangoarekin egin du gol erabakigarria. Hiru puntu lortuta, aste bikaina burutu dute zuri-gorriek, Europa Ligan Turinen bina berdindu ostean.
12. postuan da orain Athletic, 27 punturekin.