Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Berriz ere bi besoak gora

John Degenkolbek bigarren aldiz irabazi du Vueltan, esprintean atzetik aurrera egin eta Daniele Bennatiri aurrea aise hartutaEuskaltel-Euskadi ziklista esloveniar bat fitxatzekotan dabil: Jure Kocjan

Berriz ere bi besoak gora.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Abiadurari abiadura eranstea ez da batere gauza erraza, baina John Degenkolb (Argos-Shimano) pedal kolpe freskoarekin dago. Vianan erakutsi zuen lehenbizi, joan zen igandean, eta atzo berriz, Logroñon, Vueltaren bosgarren etapan. Erakustaldi galanta eman zuen esprintean, atzetik aurrera egin eta hanka batekin menderatu baitzuen Daniele Bennati (RadioShack). Ziztu bizian sartu zen tropela azken kilometroan; tentsioa gutxitan bezalakoa zen, baina oztopo guztiei ederki aurre egin zien Degenkolbek.

Esprintari ez zion aurreko muturrean ekin, eta bazirudien ezusteren bat gerta zitekeela, baina ez. Behar zen garaian, hantxe azaldu zen. Hegazkin baten moduan igaro zituen denak atzetik aurrera, eta bi besoak lasai altxatzeko denbora ere izan zuen helmugan. Argos Shimano taldeak aurrez eginiko lanari ginda jarriaz, Vueltako bigarren garaipena eskuratu zuen alemaniarrak.

Berriz ere eguzkiak bete-betean jotzen zuela ekin zioten lehiari ziklistek. Zirkuitu baten barrenean bueltaka ibili ziren, eta artean itzal tarteren bat bazeukaten ere, beroa izan zuten etsai. Bada, berotu handiagoa hartzeko beldurrik gabe egin zuen ihes Javier Chaconek (Andaluzia), bigarren kilometroan. Bakar-bakarrik abiatu zen aurrera, eta gogotik lan egin zuen. Zortzi minuturen aldea ere atera zion tropelari. Ordea, eginiko ahalegina garestiegi ordaindu zuen gero, eta talde handiak irentsi zuen, helmugarako 30 kilometroren faltan.

Hortxe hasi zen eguneko festa. Talde guztiek aurrean egon nahi izan zuten, eta borroka galanta sortu zen. Greenedge luzaro aritu zen Allan Davisentzat lanean, baina Argos Shimanok hartu zuen erantzukizuna amaieran, eta asmatu zuen erabakiarekin. Degenkolbek ez zuen aukera alferrik galdu, eta oraintxe bera da Vueltako txirrindularirik azkarrena. Euskaltel-Euskadi ere saiatu zen aurrean egoten, Igor Anton ez erortzeko.

Euskaltel aipatuta, badirudi Jure Kocjan esloveniarra taldera etortzekotan dagoela. Bere garaian, Igor Gonzalez de Galdeanok aipatu zuen ez zutela baztertzen atzerritarrak fitxatzea, eta Kocjan izango da lehena. Helburua garbia da: World Tourren egoteko puntuak edukitzea; eta esloveniarrak horixe emango dio taldeari. Txirrindulari azkarra da, postu onak lortzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.