Berriz ere Bilbon, eta 27an

Olaizola II.ak hatz puntako hezurra pitzatua duen arren, ez dirudi lau t'erdiko finala atzeratuko duenik

Aimar Olaizola, pilota jotzear, herenegun, Bilbon, Abel Barriolaren aurkako partidan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bilboko Bizkaia pilotalekuak hirugarren finala hartuko du hilaren 27an. Eguna jakina zen, eta badirudi errespetatuko dela, Aimar Olaizolak ezker eskuko hatz luzea pitzatua duen arren. Pilotariak berak atzo azaldu zuenez, hatzaren aurreko hezurra du pitzatua, baina ez artikulazioarekin bat egiten duen tokian. Beraz, Olaizola II.ak ez du uste atzerapenik eskatu beharko duenik. Dena den, azken erabakia etzi hartuko du, hatza babes batekin estali, eta entrenatu ondoren.

Aurrelariak herenegun lortu zuen finalerako txartela, Barriolari 22-18 irabazita. Partida erdi aldera, baina, sake batean, lurra jo zuen ezker eskuko hatz luzearekin, eta azken tantoak oinazearekin jokatu zituen. Partida bukatu berritan joan zen medikuarengana, eta erradiografian ikusi zen haustura. Oraingoz, baina, handitua du hatza, eta jaitsi arte ezingo da diagnosi zehatzagoa egin. Pilotaria, baina, minari eusteko asmoz dago, eta27an jokatu nahi du. Etziko probak argituko ditu zalantzak.

«Nik 27an jokatu nahi dut, luzeegia egiten ari zait txapelketa. Oraingoz hatza oso handituta dago, baina uste dut jokatu ahal izango dudala». Pilotaria baikorra zen atzo, eta Iñigo Simon Asegarceko medikua iritzi berekoa zen. Beraz, ondo bidean, ez da atzerapenik egongo. Gainera ez da komeni, enpresen ligak torneo txiki bat prestatua duelako abenduaren 4ko astebururako.

Manomanista, merkeagoa

Enpresek atzo zehaztu zuten finalerako sarreren prezioa, eta iragan ekaineko buruz buruko finalekoak baino garestiagoak dira. Kantxakoek 120 euro balioko dute; manomanistako finalean, aldiz, 100 balio zuten. Dena den, iazko binakako finalekoak baino merkeagoak dira, ordukoan 140 euro balio zutelako kantxek. Hark, baina, Bilboko pilotalekuan jokatzen zen lehen finala izatearen xarma zuen. Bizkaia inauguratu zutenetik bertan jokatu dira hiru finalak.

Kantxako sarrerez gain, 60, 50, 40 eta 30 euroko sarrerak daude. Guztira 2.800, eta litekeena da ordu gutxitan amaitzea. Telefono bidezko salmenta gaur 10:00etan hasiko da, 661-25 90 09 (Olaya) eta 656-79 94 23 (Rafa) zenbakietan. Internet bidezko salmenta atzo hasi zen, erritmo onean, ticketmaster.es atarian.

Irujok gaur egingo du Bilboko pilotalekuan lehen entrenamendua. Goizez jardungo du, Aritz Lasarekin. Lan fisikoa iragan astean hasi zuen, eta aste honetan nahiko gogor jarraituko du, hurrengoan sasoia fintzeko. Iberokoak ez du bi astez geldirik egon nahi, eta ostiralean partida bat jokatzea eskatu dio enpresari. Lizarran jokatuko du, Zabaletarekin, Retegi Bi-Zubietaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.