Lau t'erdiko partidarik klasikoena izango da ziurrenik. Irujoren eta Olaizola II.aren artekoek pisu handia hartu dute azken urteetan, baina kaiolan lehia klasiko bat baldin badago, hori Olaizola II.aren eta Barriolaren artekoa da. Modalitateak izugarri egin zuen gora 2000.eko hamarkadan, eta urte horietan hamar aldiz neurtu zituzten indarrak, tartean bi final ofizialetan eta Nafarroako torneoko hiru finaletan. Gaur berriz ere elkarrekin giltzapetuko dira, lehenbizikoz Bilbon (17:00, ETB1), eta finalerako sailkapena izango dute jokoan. Apustuak Olaizolaren alde irtengo dira, 100-40ri.
Hiru urte dira ez dutela elkarren aurka lau t'erdian jokatu. Biek lesio larriak igaro dituzte, eta etenaldi luzeak pairatu. Oso epe luzea da, are gehiago hamar partida horiek sei urtean jokatu zituztela kontuan hartuta —2002tik 2008ra—. Inoiz ez dituzte indarrak neurtu finalerdiak baino lehenago, eta gaur berriz ere finalaren atarian elkartuko dira. Belaunaldi aldaketa oso mantso sartzen ari da, eta Barriolak eta Olaizola II.ak puntan jarraitzen dute.
2002ko abenduaren 1ean jokatu zuten lehenengoz elkarren aurka lau t'erdian. Ligaxkako bigarren jardunaldia zen, eta lehen partida irabazi ondoren irabazlea finalerako sailkatuko zen. 2001ean, Barriola txapeldun izan zen. Olaizola II.arentzat, berriz, ligaxkan sartu zen lehen aldia zen. Labriten izan zen partida, eta aurrelariak zaleak harritu zituen (22-16).
Lehia luze eta gogorra izan zen: 80 minutu eta 448 pilotakada, gaur egun ia pentsaezina den kopurua. Olaizolak meritu handiko pilotak eraman zituen, eta egun hartan jaio zen, 23 urte bete berri zituela, hurrengo urteetan distantzia horretan nagusi izan zen pilotaria. Hilaren 29an berriz ere elkarren aurka jokatu zuten, finalean. Egun hartan hotz galanta egiten zuen Gasteizen, eta Olaizolak kaiolako lehen txapela jantzi zuen (22-13).
2003. urtea salbuespena izan zen —Barriolak Capellanen aurka galdu zuen txapelketako final-laurdenetan, eta Olaizolak, min hartuta, ez zuen jokatu—, hurrengo bostetan urtero neurtu baitzituzten indarrak lau t'erdian. 2004an, 2002koa gertatu zen berriz. Finalerdietako ligaxkan eta finalean egin zuten topo, eta biak irabazi zituen Olaizola II.ak. Biak, gainera, nagusitasunez: 22-9 eta 22-8, hurrenez hurren. Finalean, eta elurraren erruz, Goizuetakoak komeriak izan zituen Gasteizera iristeko. 5-1 galtzen hasi zen, baina arazo handirik gabe eman zion buelta, eta hortik aurrera eroso aritu zen. Besoko lesioaren ondorengo lehen txapela zen. «Aurrekoa naiz berriz», esan zuen kazetarien aurrean.
2005ean, Nafarroako lau t'erdikoan bakarrik jokatu zuten, Barriolak —min hartuta— ez zuelako jokatu txapelketa ofiziala. San Fermin egunean Olaizolak bolada luzatu zuen, nagusitasunez irabaziz (22-11). Urte hartan eskuin eskuko ebakuntza egin behar izan zioten leitzarrari. Barriolak lau urte eta zazpi partida behar izan zituen Olaizolari lehenbizikoz irabazteko. 2006ko uda gogorra izan zen, eskua ez zitzaiolako behar bezala sendatu. Urte hartako lau t'erdian poza berreskuratu zuen. Ligaxkako azken partida zen, Tolosan, eta partida osoan atzetik joan ondoren, 22-20 irabazita lortu zuen finalera sartzea. Partida hunkigarria izan zen, eta bukaeran irabazlea buruz gora etzanda gelditu zen kontrakantxan.
Azken urteetan, oreka
Barriolak bolada txarra hautsi zuenetik oreka izan da nagusi, azken lau partidetatik bina irabazi baitituzte. 2007ko Nafarroako lau t'erdiko finala partida kaskarra izan zen, gauez jokatu zen, eta Olaizolak erraz altxatu zituen besoak (22-11). Urte hartako txapelketa ofizialean, ligaxkako bigarren jardunaldian, finalean sartzeko aukera izan zuten jokoan biek, eta Barriolak 22-18 irabazi zuen Atanon, apustuzaleen ustearen kontra. Partida ona izan zen. Geroago, Olaizolak ez zuen lortu finalean sartzea.
Leitzarrak 2008ko sanferminetan lortu zuen aurrenekoz Nafarroako txapela. Finalen madarikazioa hautsi zuen, 22-11 irabaziz. Azken partida 2008ko txapelketan jokatu zuten, eta 2007ko egoera berdina zen. Ligaxkako bigarren partida zen, eta biek aurrenekoa irabazia zuten. Finala eskura zuen irabazleak, eta Olaizolak eman zuen pausoa (22-11), Labriten. Barriola finaletik kanpo gelditu zen gero.
Berriz ere giltzapeturik
Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak lau t'erdian jokatuko duten 11. partida da gaurkoa, baina hiru urte dira ez dituztela indarrak neurtu. Bilbon irabazten duenak finala jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu