Arrauna. Kontxako Bandera

Berriz ere, Hondarribia

Hirugarren urtez segidan irabazi du gaur Kontxako Bandera, bigarren jardunaldian ere azkarrena izanda. 5,30 segundo atera dizkio Zierbenari. Hamalaugarren bandera du estropada honen historian. 

jarraia186860.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 13a
12:22
Entzun

Aurreneko kaletik lehen ere irabazita zeuden Kontxako Bandera hainbat bider eta hainbat talde. Beti hain txarra ez den seinale. Gaurkoarekin, beste ilara bat jarri behar zaio estatistika horri, eta, bertan, Hondarribiaren izena jarri behar da. Aurreneko kale horretatik irabazi baitu estropada preziatua. Hirugarrena du jarraian, eta hamalaugarrena historian. 

Aise lortu ere garaipen handia, azkarrena izan baita gaur ere. 5,30 segundo atera dizkio Zierbenari, gertuen zuen aurkariari; Bizkaiko taldea bigarren kaletik joan da, eta bizi atera da, lehen igandetik zekarren 7,92 segundoko aldearen zama kentzera. Aurreneko minutuan bakarrik izan da buruan, segundoko aldearekin. Bigarren minutuan parean ziren biak. Laugarren minutu eta erdian, ordea, bi segundo aurretik jarri da Hondarribia. Zierbenaren estrategia azkar joan da kareletik behera, ez duelako lortu Hondarribia arraunkeratik ateratzea, ez dio burua galarazi. Bere lanean serio, fin eta eraginkor jarraitu du Hondarribiak, eta hiruzpalau segundoko tartea ere zabaldu dio Zierbenari. Ziabogan, bostekoa izan da. Atzerago zetozen Santurtzi, laugarren kaletik, sei segundora, eta Orio, hirugarrenetik, bederatzira. 

Poparean ez da aldatu estropada lehen bien artean. Bai hirugarrenaren eta laugarrenaren artean. Baga dabil gaur, eta popare giro handia ez bada ere, olatuak luzea eta indar gutxikoak direlako, makalak, aukeratxoa bazen olatuen alde arraun egiteko. Horretan ere maisu dira Hondarribiakoak, eta aldea zabaldu egin dio Zierbenari, sei-zazpi segundora. Bigarren eta hirugarren kale ingurutik etorri da Hondarribia bueltako luzean, eta laugarrenetik sartu da. 

Bandera erabakita zegoen, bigarren lekua ere bai. Gainera, Zierbenak aldea murriztu ere egin dio Hondarribiari, lauzpabost segundora, atzeko biei tartea zabalduz. Oriok aurrea hartu dio Santurtziri bigarren luzean, eta helmugan ere horrela sartu dira biak. Lehen bien arteko aldea 5,30 segundokoa izan da azkenean.

Gaurko sailkapenean, Hondarribiaren eta Zierbenaren atzetik, Orio sartu da, Urdaibai gero, eta talde horien atzetik geratu dira Santurtzi, Donostiarra, Cabo eta Zarautz. Bermeotarrek lehen txanda irabazi dute. 

Bi egunetako sailkapenean, hauxe da hurrenkera: Hondarribia, Zierbena, Santurtzi, Orio, Urdaibai, Donostiarra, Cabo eta Zarautz. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.