Txirrindularitza

Bertagnolli irabazle Donostiako Klasikoan

Garateri nagusitu zaio helmugan, esprintean. Gurutze mendatea igo eta gero egin dute ihes biek. Euskaltelek gaur ere lan ona egin du; seigarren bukatu du Astarlozak.

2007ko abuztuaren 4a
21:15
Entzun
Leonardo Bertagnolli (1978, Italia) Liquigas taldeko txirrindulariak irabazi du gaur Donostiako Nazioarteko 27. Klasikoa (225 kilometro; Pro Tourreko proba), Juanma Garate euskal ziklistari helmugan esprintean aurrea hartuta.

Hogei lagunetik gorako ihesaldiak baldintzatu du Klasikoa hein handi batean. 111. kilometroan 23 lagunek alde egin dute, eta gerora hogei geratu dira aurrean. Jaizkibelera (lehen mailako mendatea) hurreratzen ari zirela, haien artetik Jose Luis Arrietak, Jurgen Van de Wallek eta Michael Albasinik ihes egin dute, eta gainetik, helmugatik 32 kilometrora, faboritoen tropelarekiko 58 segundoko aldearekin pasatu dira.

Tropel horretan ondo kokatuta zegoen Euskaltel-Euskadi, lau txirrindulari zituelako: Haimar Zubeldia, Mikel Astarloza, Iñigo Landaluze eta Gorka Verdugo. Haiekin batera beste 23 txirrindulari zihoazen: Alejandro Valverde, Carlos Sastre, Garate, Juan Jose Cobo, Xavier Florencio -iazko irabazlea-...

Gurutze mendatean (hirugarren mailakoa) harrapatu dituzte Arrieta-eta. Gurutzen bertan Valverde bi aldiz saiatu da bakarrik joaten. Zubeldia ere saiatu da behin. Mendatearen jaitsieran Garatek eta Bertagnollik jo dute, eta ia minutu erdiko aldea zeukaten bost kilometro falta zirela. Astarloza saiatu da haiek harrapatzen, baina oso bakarrik egin du lan.

Donostian, Bulebarreko esprintean, Bertagnolli nagusitu egin zaio Garateri. Valverde heldu da hirugarren, 18 segundora, Alessandro Ballan, Carlos Barredo, Astarloza -seigarren egin du Klasikoan- eta Sastrerekin. Segundo batzuk beranduago heldu da beste tropel txikia.

Euskal txirrindulariek 1990etik Donostiako Klasikoa irabazi gabe segitzen dute. Orduan Miguel Indurainek eskuratu zuen. Aurretik, Marino Lejarreta eta Iñaki Gaston izan ziren Donostian irabazi zuten beste euskal ziklistak.

Pro Tourrean, Danilo di Lucak segitzen du lider, 207 punturekin. Alberto Contador Frantziako Tourraren irabazlea da bigarren, 191rekin. Valverde hirugarren, 190ekin. Di Luca gaur hamabi minutura sartu da.



Euskal Herrian bihar Urkiolako (Bizkaia) Igoera korrituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.