Askatu da korapiloa. Aurten ez dira jokatuko Euskal Herriko txirrindularitza egutegiko bi proba nagusiak: Euskak Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa. Koronabirusak eragindako egoerak behartu ditu antolatzaileak biak bertan behera uztera. Apirilaren 6tik 11ra zen egitekoa Euskal Herriko Itzulia, eta, hasieran udan egiteko aukera mahai gainean jarri bazen ere, azkenean aurtengoa bertan behera utzi eta datorren urtean eginen dute. Donostiako Klasikoa ere bertan behera utzi du antolakuntzak, eta, Itzuliarekin batera, 2021ean antolatuko dute berriz. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken hilabetean «gogor» ibili dira lanean lasterketak egiteko, baina azkenean bertan beheiti uztea erabaki dute, bi lasterketek milaka pertsona mugitzen dituztelako eta «arriskurik» ez zabaltzeko.
Bestalde, gaur jakinarazi dute Espainiako Vuelta ez dela hasiko Herbehereetan. Hasieran, hiru etapa ziren jokatzekoak herrialde horretan, baina, koronabirusak eragindako egoera dela eta, Herbehereetako Gobernuak eta Unipublicek, Vuelta antolatzen duen enpresak, akordioa lortu dute asmo horiek urtebetez atzeratzeko. Hala, Euskal Herrian hasiko da aurtengo ekitaldia, Irunen (Gipuzkoa), betiere jokatzen bada. Urriaren eta azaroaren artean da jokatzekoa.