Txirrindularitza

Bertan behera utzi dute Giroko 19. etapa, elurragatik

Antolatzaileek goizean hartu dute erabakia, hasiera batean jokatzekoa zenaren ordezko etapako mendateak ere elurtuta zeudela ikusita. Bihar bai, bihar jokatuko da etapa, baina ibilbidea aldatuta.

unai zubeldia
2013ko maiatzaren 24a
15:25
Entzun

Marka da gero, baina eguraldia bihurtu da Italiako Giroaren etsairik handiena. Maiatza azken ostikoak ematen ari da, uda gertu dago, baina bart elurte handia izan da Dolomitetan, eta Giroko antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dute 19. etapa, Ponte di Legno eta Val Martello Martelltal artean jokatzekoa zena. 2.618 metro dauzka Gaviak eta 2.758 Stelviok, eta, horregatik, zero azpiko tenperatura izango zutela jakitun, antolatzaileek beste ibilbide bat prestatu zuten atzo iluntzean. Passo Tonale (1.883 metro) eta Passo Castrin (1.706 metro) ziren igotzekoak bigarren aukera horretan, baina 1.000 metrotik gora zuri-zuri dago dena Dolomitetan, eta ezinezkoa zen txirrindulariak irteerara bertara joatea ere.

Gaur ez da etaparik izango, beraz, baina biharko prest daukate jada 210 kilometroko ibilbidea. Hasiera batean bazirudien bihar ere ezinezkoa izango zela etapa jokatzea, baina, hasiera bateko ibilbide beldurgarriaren trazarik ez daukan arren, Tre Cime di Lavaredon (2.304 metro) amaituko da etapa. Aurretik Passo Tre Croci bigarren mailakoa (1.805 metro) igoko dute. Beste hiru igoera gogor ere bazeuzkan, berez, 20. etapak, azkenaurrekoak, baina ezinezkoa izango da mendate horiek igotzea. 11:25ean abiatuko dira bihar txirrindulariak Silandro herritik, eta 17:15 alderako iritsiko dira Tre Cime di Lavaredora. Mendate hori izango da, azkenean, aurtengo Giroan igoko duten altuena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.