Itxako 32. Buxtehuder 21

Bertze lezio bat etxean

Nagusitasunez aritu da Itxako bere pistan, eta erraz hartu du mendean Buxtehuder Txapeldunen Ligan

Sandy Barbosa Buxtehuderren defentsaren gainetik jaurtitzeko zorian, atzoko partidan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Itxako. Navarro, Barno (1), Egozkue (2), Agirre (5), Martin (1), Fachinello (2), Barbosa (9)—hasierako zazpikoa—, Milenkovic, Aguilar (1), Pinedo (3), Tervel, Zebic (1), Alonso (3, 2p), Pena (3), Fernandez (1).

Buxtehuder. Krause, Klein(1), Bulau (3), Lamein (2p),Langkeit (3), Techert (4), Melbeck(4, 1p) —hasierako zazpikoa—, Lenz, Namat, Fischer (2), Lutz (2), Stapelfeldt, Oldenburg, Hayn.

Markagailua. 4-2,6-5,10-7, 10-9, 13-9, 15-10 (atsedenaldian); 18-12, 19-14, 22-16, 24-18, 28-18, 32-21 .

Epaileak. Cvetko eta Kavalar. Bi munutuz kanporatuak: Itxakoko Tervel eta Barbosa, eta Buxtehuderreko Oldenburg eta Techert.

Bestelakoak. 1.250 ikusle inguru kiroldegian.

Txapeldunen Ligako bigarren partida, eta bigarren garaipena Itxakorentzat. Lehendabiziko ligaxka gogoz eta indarrez hasi du Itxakok. Aurreneko jardunaldian Volgograd hartu zuen mendean Errusian, eta atzo bertze lezio bat eman zuten nafarrek beren pistan. 32-21 irabazi zioten Alemaniako Buxtehuder taldeari. Egia da D multzoko aurkaririk ahulena dela Buxtehuder, ustez, atariko fasean lortu baitu lehen ligaxkan sartzea. Hala ere, Txapeldunen Ligan partida errazik ez da, eta Itxakok berriz ere finalerako sailkatzeko faborito nagusietako bat dela erakutsi zuen, bere zaleen aurrean.

Talde lana izan zen giltzarri, bertze behin. Eskubaloiaren gisako kirol batean talde lanaz mintzatzea ageriko gauza dela eman dezake, baina Itxakok zentzu berezia ematen dio. Atzo, adibidez, Nekane Teres izan zen pistaratu ez zen bakarra, eta jokatu zuten jokalarien artean Tervel baino ez zen gelditu gola sartu gabe. Hainbat jokalari nabarmendu ziren nafarren artean, hala ere. Erasoan, Sandy Barbosa. Bederatzi gol sartu zituen. Jokalari garrantzitsua eta eraginkorra da. Eta, gainera, eskubaloi polita egiten du. Atean, berriz, Silvia Navarroren lana izan zen azpimarratzekoa. Hamazazpi geldiketa egin zituen.

Indarrak neurtuz

Partida serio eta lasai hasi zuen Itxakok. Indarrak neurtuz, eta Europan bertze urrats sendo bat egiteko asmoz. 4-1 aurretik jarri zen lehendabiziko minutuetan, baina Buxtehuderrek berdintzea lortu zuen, zortzigarren minuturako (4-4). Itxako ez zen larritu. Ez baitzuen horretarako arrazoirik. Izan ere, jokaldi pare bat nahiko izan zituzten nafarrek atsedenaldira bost golen aldearekin ailegatzeko. Partida etxekoan alde 11-9 zenean, Pinedok gola sartu zuen, eta kontraerasoa baliatu zuen Zulai Agirrek aldea handitzen jarraitzeko. Buxtehuderrek penaltia huts egin zuen, eta Penak gol batekin erantzun zien alemaniarrei. Azkenean, 15-10 Itxako aurretik zen lehen zatiaren amaieran.

Bigarrenean etxeko taldeak ez zuen behera egin. Alderantziz. Partida bideratua zuen, eta Txapeldunen Ligaz gozatzeko, eta zaleak pozteko golak sartzeko profitatu zuten aukera Ambros Martinen jokalariek. Barbosaren golek piztu zuten txalo gehien. Begoña Fernandezek ere zutik jarri zituen zaleak, hainbat astez min hartuta egon eta gero, pistara atera baitzen.

Gauzak ongi hasi dira Itxakorentzat Txapeldunen Ligan. Konfiantzaz ari dira. Sendo. Errumaniako Oltchim izanen du Lizarrako taldeak hurrengo aurkari. Etxean ariko dira nafarrak, berriz ere. Aurretik, ABF ligako partida jokatuko du Itxakok asteartean Porriñoren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.