Bertze urrats bat egiteko bidean

San Antoniok zazpi goleko aldeari eutsi behar dio gaur Bosnian, Europako Errekopako kanporaketako itzulikoan

Niko Mindegia, jaurtitzeko prest, Izvidacen aurka jokatutako joaneko partidan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Amaya Sport San Antoniok helburu garbia du gaur: Europako Errekopako final-zortzirenetako joanekoan lortutako zazpi goleko aldeari eustea, eta final-laurdenetarako sailkatzea. Nafarrek Bosnian jokatuko dute itzulikoa gaur, Izvidacen aurka. Iruñean 36-29 nagusitu zen Iruñeko taldea, eta aurkariaren etxean ere irabazteko prest da Juanto Apezetxeak zuzendutako taldea.

«Kanporaketa gainditzeko gai garela uste dut», erran du San Antonioko entrenatzaileak. Zuhur jokatzeko beharra azpimarratu du, hala ere, eta partida gogorra eta zaila iragarri du gaurko. «Badakit anitz sufritu beharko dugula, baina, badakit, halaber, jokalariek dena emanen dutela».

Izvidacen zaleak pabiloia infernu bilakatzeko gai direla ez du zalantzarik Apezetxeak. Eta horrek kezkatzen duela aitortu du: «Talde gaztea da gurea, eta beldur naiz presioaren zama sumatuko ote duten».

Ez da nafarren entrenatzaileak duen kezka bakarra. Azken partidetan egindako lanak eta bidaiek eragindako nekeak San Antonioko jokalarien erritmoan eta jokoan eragina izanen ote duen ikusteko dago. Hala eta guztiz ere, taldea behar den ahalegina egiteko prest dela zalantzarik ez du entrenatzaileak.

Jokalarien artean Santi Urdiales da min hartuta dagoen bakarra. Etxean gelditu da hegalekoa. Izvidacen pistan aritzeko moduan izanen dira gainontzeko jokalariak, baina haietako hainbatek arazo fisikoak badituzte. Victor Alvarez erdikoak bihurritua du eskuin eskuko hatz batean. Javier Borragan, Alberto Agirrezabalaga eta Eloy Gonzalez ere ez dira sasoi betean.

Konfiantzarik ez

Zazpi goleko aldeak nolabaiteko lasaitasunez aritzeko aukera ematen die nafarrei, baina Apezetxeak ez du uste nahikoa izanen dela erran daitekeenik. «Europan edozer gauza gerta daiteke».

San Antonioren helburua, hala ere, Europan bertze urrats bat egitea izanen da, eta Errekopako final-laurdenetarako sailkatzea. Kanporaketa gainditzea lorpen handia izanen litzateke taldearentzat une honetan, Asobal ligako bigarren itzulian nahi baino gehiago sufritzen ari baitira nafarrak. Oraindik ez dute garaipenik lortu. Asteon, dena den, puntu bat poltsikoratu zuten Sagunten aurkako partidan. Lehen itzulian erakutsitako konfiantza berreskuratzeko premia dute San Antonioko jokalariek, eta Europan aurrera egitea hori lortzeko pizgarririk aproposena izan daiteke.

SAN ANTONIO-IZVIDAC

Lehiaketa. Europako Errekopako final-zortzirenetako itzuliko partida.

Izvidac. Bumbac, Sarac, Buntic, Buric, Boras, Bosnjak, K. Colak, S. Colak, Dzeba, Lovrinovic, Eres, Grbavac, Herzeg, Ilic, Juric, Malinovic, Matic, Milas, Milicevic, Mucic, Peric, Tomic, Zadro eta Zeljic.

Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Lucau, Vargas, Agirrezabalaga, Meoki, Borrogan, Mindegia, Rasic, Sevaljevic, Crowley, Gedeon, Eloy Gonzalez, Humet eta Victor Alvarez.

Epaileak. Baxev eta Kostov (Bulgaria).

Lekua. Ljubuskiko Dvorana pabiloia (4.000 ikusle).

Ordua. 19:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.