Europan bere indarra neurtzeko garaia du Amaya Sport San Antoniok. Europako Errekopako final-laurdenetako joaneko partida jokatuko du gaur, Eslovenian, Maribor Braniken aurka. Nafarrek argi dute norgehiagoka hagitz zaila izanen dela, baina ilusioz eta gogoz dira Europan aurrera egiteko, eta ilusio eta gogo hori baliatu nahi dute aurkariaren kontra.
Ustez, gainditzeko moduko aurkaria da Maribor Branik San Antoniorentzat. Europan, hala ere, ezin da deus ziurtzat eman, eta kontuan hartu behar da, gainera, nekearen pisua gero eta astunagoa dela jokalari iruindarrentzat. Asobal ligan Ciudad Real hartu zuen mendean Iruñeko taldeak duela astebete eskas, baina egindako ahalegina garesti ordaindu zuen Juanto Apezetxeak zuzentzen duen taldeak Ademar Leonen aurkako ligako hurrengo norgehiagokan, joan zen asteartean. Ezinean aritu zen erritmoari eusteko, eta galdu egin zuen azkenean.
Izan dute nafarrek denbora atseden hartzeko, baina ikusteko dago San Antoniok guztiz indarberritzeko aukera izan duen edo ez. Nekea, edozein modutan, ez da kontuan hartu beharreko elementu bakarra. Bigarren itzuliaren hasieran, nabarmena izan zen San Antonioren beherakada. Ligan, laugarren amaitu zuen lehendabizikoa, eta, neurri handi batean, aurkariak ezustean harrapatzea lortu zuten San Antonioko jokalari gazte eta esperientzia gabekoek.
Konfiantza berreskuratu nahi
Bigarren itzuliaren hasieran, egoera aldatu egin zen, eta konfiantza galdu egin zuten, pixkanaka, jokalariek. Ciudad Reali irabazi izanak, zalantzarik gabe, lagunduko du egoera horri buelta ematen. Taldea Maribor Branik mendean hartzeko prest ote dagoen da gaur argitu beharreko zalantza.
Kanporaketa gainditzea eta Europan aurrera egitea gauza handia izanen litzateke San Antoniorentzat, eta jokalariek ederki dakite hori. Badakite txapelketa horretan bertze urrats bat egiteak eragina izanen lukeela Asobal ligan ere. Oro har, taldearen jarrerari eta konfiantzari eginen liekeela mesede. Eta, horregatik, aukera profitatu nahiko dute iruindarrek.
Etxetik at ariko dira nafarrak gaur. Maribor taldearen jarraitzaileen presioari aurre egin beharko diote. 4.000 pertsonarentzako tokia du esloveniarren pabiloiak. Itzulikoa etxean jokatzea, edozein modutan, abantaila izanen dela uste du Apezetxeak. Gaurko partidan ahalik eta emaitzarik onena lortzea izanen da helburu nagusia, hala ere.
Etxetik at arazo anitz izan du San Antoniok bigarren itzulia hasi zenetik. Orain arte Iruñetik kanpo jokatutako partida guztiak galdu ditu. Gaur izanen du bolada txar hori amaitzeko aukera. Europako Errekopako finalerdietan sartzea sari handia izanen litzateke San Antoniorentzat, eta argi dago jokalariak lortzen ahaleginduko direla. Gaur dute lehen erronka: aurkariari haren pistan aurre egitea. Erronka nagusia kanporaketa gainditzea izanen da nafarrentzat.
MARIBOR-SAN ANTONIO
Lehiaketa. Europako Errekopako final-laurdenetako joaneko partida.
Maribor Branik. Cudic, Grm, Lesnik, Ostic, Klec, Fister, Tominec, Ivancic, Batinovic, Pucnik, Nikolic, Mackovsek, Vrecar, Razgor, Gregorc eta Gajic.
Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Lucau, Sevaljevic, Gedeon Guardiola, Borragan, Mindegia, Vargas, Humet, Meoki, Victor Alvarez, Eloy Gonzalez, Crowley, Rasic eta Agirrezabalaga.
Epaileak. Brunovsky eta Canda (Eslovakia).
Lekua. Dvorana Tabor pabiloia (4.000 ikusle).
Ordua. 19:00.
Beste final-laurdenak. Gaur:Gummersbach-Elverum Herrer (15:00) eta Vardar Skopje-Sport Resita (18:30). Bihar: Drott Halmstard-Tremblay (16:15).
Bertze urrats bat Europan
Errekopako final-laurdenetako joaneko partida jokatuko du gaur San Antoniok, Eslovenian, Maribor Braniken aurkaEtxetik kanpoko bolada txarra amaitu nahi du Juanto Apezetxearen taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu