'Pantanik burua altxatuko balu', edo 'egunen batean mendian gora oinez erabakiko da Giroa'. Aste honetan Euskal Herriko komunikabideetako lerroburuetako adibide bi dira horiek, Giroko ibilbide erakargarriak eragiten dituen hausnarketen ondorioa. Erakargarria, indartsu dagoen txirrindulariarentzat eta lasterketa kanpotik jarraituko duen zalearentzat. Justu antzean dabilen karreristarentzat, gurutze-bidea.
Besaulkian eroso jarri, telebista piztu eta gozatzea, horiexek zalearen lan arinak. Giroak ikusgarri-ikusgarria izateko osagai denak ditu aurten. Nekez presta daiteke ikuskizunaren atea hain zabalik uzten duen ibilbide aproposa. Mendate mitikoak daude, etorkizunean Giroko historiako ikur bilaka daitezkeen beste hainbeste, taldekako erlojupeko bat, bakarkako beste bat, eta Italian hain ohikoak diren dozena erdi etapa bihurri, gorabeheratsuak. Esandakoa, ikusgarria.Txirrindulari zenbaitek antolatzaileak kritikatu ditu, zailtasun gehiegi sartu dituztelako, gogorregia delako Giroa. Plan de Corones edo Kronplatz aldapa da iskanbila ororen iturri. Iaz, Finestre gaineko azken bost kilometroak asfaltorik gabekoak ziren. Kronplatzeko errepidea ere antzera dago gaur, baina txukunduko dutela agindu dute antolatzaileek. Kontua da aldapa eski pista bat dela, eta %24ko pendiza duten maldak dituela. Txirrindulari askok komeriak izan ditzakete zutik irauteko. Errepidea txarra bada, eta zorua bustita badago, akabo.Kronplatz da aurtengo Giroko altxorra: berez 5,3 kilometroko mendatea da, Passo Furciaren jarraipena. %13,4, %10,4 eta %13,9ko desnibela duten kilometro osoak ditu. Gehiegi? Simonik eta Rujanok ezetz esango dute. Bassok eta Savoldellik bestela pentsatuko dute ziurrenik.Kronplatz mamua, ordea, txiki geratzen da beste mendate guzti hauek zerrendatuz gero: Colle di San Carlo, Passo delle Erbe, Passo del Gran San Bernardo, Simplonpass, Monte Bondone, Forcella Staulanza, Marmolada (Fedaia), Passo Pordoi, Passo di San Pellegrino, Tonale, Passo Gavia eta Mortirolo. Sotheby's etxeko enkantea antolatuko balitz, Giroko antolakuntzak erabakitako ibilbide menditsua izango litzateke diru gehien bilduko lukeena. 22.500 metroko desnibela gainditu beharko dute txirrindulariek. Alpeak eta Dolomitak, Dolomitak eta Alpeak, Apeninoak izango dira lehen borrokaren gune. Maieletta edo Passo Lanciano, hain zuzen ere. 12,3 kilometro eta %8,4ko batez bestekoa. Vueltan edo Tourrean sekulako mendatea. Giroan koska txiki bat besterik ez.Hainbesteko aldapa festan, ez da erraza etapa lauak bilatzea. Egon, baina, badaude. Alessandro Petacchik, Robbie McEwenek, Paride Grillok eta beste esprinterrek izango dute non bete garaipenen zakua. Mendia baino erlojupekoa nahiago dutenek ere izango dute euren aukera. Gaur, lehenengoa: 6,2 kilometroko aitzin-etapa bihurria. Laua da hasiera, aldats gora hurrengo hiru kilometroak eta beherantz azken biak. Bosgarren saioan taldekako erlojupekoa jokatuko dute, 38 kilometrokoa. Discovery eta CSC taldeentzat, Savoldelli eta Bassorentzat aukera bikaina kontrarioak atzeratzeko.
Basso, Savoldelli, Simoni, Cunego, Di Luca...
Basso eta Savoldelli izango dira lehen erreferentziak, bietako batek lor dezakeelako maglia arrosa erlojupeko luzearen ondoren, Maielettan pott egiten ez badute. Hobe dute ez egitea, eta erlojupekoan errenta mamitsua pilatzea, errepidea gorantz begira jartzen denean su hartuko duelako oilarren tropelak Simoni, Di Luca, Cunego, Rujano eta besteen eraso festarekin.
Denen ahotan dabiltza bost izen horiek. Boskotean indartsuena zein den asmatzen duena, aberatsa. Basso aukeratuko dugu denen gainetik. Tourrean itzuli handietako txirrindularia dela erakutsi duelako, iaz Giroa irabazteko bidean zihoalako, gaixotu zen arte. Gorantz bikain moldatzen da eta erlojupekoan igotzaileak atzean uzteko ahalmena du. Savoldelliren taktika bestelakoa da. Mendian eutsi, edo bere erritmora egin bidea, eta erlojupekoan eman. Simoni, Di Luca eta Cunegorena guztiz kontrakoa.
Besaulkian bai, gozo
Belgikan hasiko da Giroko 89. aldia gaur, 6,2 kilometroko aitzin-etaparekin; aspaldiko gogorrena da, 22.500 metroko desnibelarekin eta kritikak eragin dituen azken aste gogor-gogorrarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu