Josu Urrutia buru duen Athleticeko zuzendaritzak klubeko bazkide hautesleen babesa du. Babes hori ia erabatekoa da. Herenegun, ohiko batzar nagusia egin zuten Euskalduna jauregian, eta han gertatutakoari erreparatu besterik ez dago. Bazkide hautesleen %85ek ikusi zuten begi onez 2011-2012 eta 2012-2013ko denboraldien aurrekontua. Inoiz ez zuen jaso Athleticeko presidente batek tamaina horretako babesa. Urrutiak berak iaz egindako batzarrean babes txikiagoa jaso zuen: %65ekoa eta %73koa, hurrenez hurren.
Urrutiaren kudeaketak jasotako babesaren atzean bi datu daude nabarmendu beharra. Bai aurreko sasoian, bai honetan, irabaziak egon dira: 2,5 milioi euro aurrekoan, eta 42,8 milioi euro honetan. Bada aldea iaz aurkeztu zenaren aldean. Izan ere, 2010-2011ko denboraldiko aurrekontuan hamar milioi euroko galera onartu zuten bazkide hautesleek —Fernando Garcia Makua presidente karguan izan zen azken sasoia izan zen hura—. Herenegun onartutako aurrekontuan, aldiz, irabaziak daude, eta ez nolanahikoak. Horretan zerikusi handia izan dute Javi Martinezen salmentak —40 milioi euro ordaindu zuen Bayern Munichek— eta taldearen telebista eskubideak ustiatzeko sinatutako akordioak—orain arte baino hamabi milioi euro inguru gehiago jasoko ditu urtero—. Diru sarrera horiei esker, Athleticek kitatu egin du pilatuta zeukan zorra, eta bere horretan utziko du bonuen salneurria. «Oreka itzuli da klubera, eta hortik dator arrakasta ekonomikoa», azpimarratu zuen Urrutiak.
Arlo ekonomikoarekin lotuta, zuzendaritzak jakinarazi zuen San Mames Barriaren obretan oraingoz 68 milioi euro erabili dituztela, aurreikusitakoa baino %22,5 gutxiago. Aurreikuspenen arabera, obren lehen fasea 2013ko ekainean amaituko dute, eta, hiru hilabete geroago, San Mameseko harmaila nagusia eraitsiko dute. Asmoa da datorren sasoiaren hasieran harmailen hiru laurdenak prest egotea eta bertan 53.300 ikuslek tokia izatea. Halere, ziurrenik talde zuri-gorriak San Mamesetik at jokatu beharko lituzke lehen partidak. Ordurako bazkide bakoitzak bere tokia izango du ziurtatua. Barria bazkideek, aldiz, 2014ko irailera arte itxaron beharko dute, obrak amaitu arte, hain zuzen ere.
Kirol arloari dagokionez, presidenteak azken asteetan esandakoari eutsi zion. Javi Martinezen kasuan adierazi zuen jokalariak gelditu nahi zuela esan izan balie negoziatzera eseriko zirela. Fernando Llorentez, berriz, berriro esan zuen itxaropena duela hartutako erabakia hausnartuko duela. Neguko merkatuan harengandik diru bat jasotzea hobeto litzatekeela esan ziotenean, Urrutiak Athleticen berezitasuna aldarrikatu zuen. «Gure kluba berezia dela onartzen badugu, naturaltasunez hartu behar dugu klubak zenbait ezohiko egoeraren inguruan har ditzakeen erabakiak ere bereziak izan daitezkeela, betiere gure berezitasunaren defentsan. Horregatik, inor ezin da harritu zuzendaritza honek lehenestea gure filosofia eta taldearen kirol ahalmena, zenbait jokalari saltzeak ekar ditzakeen onura ekonomikoen gainetik».
Besaulkian sendo
Athleticeko bazkide hautesleek inoizko babesik handiena eman diote Urrutiari batzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu