Bi partida eta bi koska geratzen zaizkio Baionari Frantziako maila Nagusira jauzi egiteko. Aurrenekoa gaur ukanen du, Arroxela hartuta Jean Dauger zelaian (18:30). Bigarrena, berriz, heldu den igandean jokatuko du Perigueuxen (16:00). Biak irabaziz gero Maila Nagusira igoko da, eta gero, finalerdiak jokatuko ditu.
Baionarrek 12-17 irabazi zuten Toulonen joan zen larunbatean, eta indar handia eman zien garaipenak. Griffits galestarrak bi entsegu egin zituen eta zazpi puntu zangoz. Ligaren hondarrean fitxatu zuten, baina bistan da primeran etorri zaiela lapurtarrei. Gaur ere hamabostekoan ariko da, Lamaison ere prest dagoen arren jokatzeko. Mentieresek eta Peytavinek 25 jokalari sartu dituzte deialdian, etxeko Idieder, Usandizaga, Abbadie, Larretxea, Aussel eta Laborde tartean direla. Baionarrak lehen postuan dira Auchekin (68 puntu). Arroxela, berriz, bosgarren da 8 puntura, eta kasik galdu du xantza guztia finalerdietara sartzeko. Joanekoan 16-3 galdu zuen Baionak.
ERRUGBIA
Besta izango da Baionan, etxeko azken partida jokatuko baitu Arroxelaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu