Beste aldaketa bat

Irujok urdaileko arazoak ditu, eta, ondorioz, gaurko Labriteko jaialdia asteartean jokatuko da, Tolosan

Irujo, belauniko maldizioka, Eibarko Astelenako kontrakantxan. JON URBE / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Enpresen Ligak berriz ere aldatu behar izan ditu asteburu honetarako zituen asmoak, eta, azkenean, gaur ez da jaialdirik izango Iruñeko Labrit pilotalekuan. Juan Martinez de Irujo gastroenteritisak jota dago, eta hasiera batean haren partida etzi jokatzekoa zenez, Aspe ez dago ordezko bat jartzera behartuta. Gauzak hala, Asegarcek jaialdia egunez eta tokiz aldatu behar izan du, eta Irujo-Merino II.a eta Berasaluze VII.a-Beginoren arteko binakako txapelketako partida asteartean jokatuko da, inauterien azken egunean, Tolosan, Beotibarren. Mendizabal-Iza eta Gorka-Merinoren arteko 2. Mailako partida, berriz, etzi jokatuko da, Tolosan bertan.

Enpresen Ligak pilotazale guztiei barkamena eskatzeko moduko astea izan du. Herenegun, Barriolaren lesioaren eraginez eta telebistaren mesedetan, hasiera batean gaurko eta etziko antolaturiko jaialdiak azken unean trukatzea erabaki zuen, eta atzoko aldaketa are lazgarriagoa da. Irujok eta Aspek, bide batez, euren esku zegoen eskubidea erabili dute. Iberoko aurrelariak urdaileko arazo txikiak ditu, eta etzi, hasiera batean ezarritako egunean, jokatzeko moduan legoke. Ez, ordea, gaurko. Pilotariak erabakia etzira arte atzeratzeko aukera du, eta horregatik ez du gaur jokatuko.

Atzokoa zalaparta eta liskar eguna izan zen bi enpresen bulegoetan, baina binakako txapelketa une erabakigarrietako batean dago eta lehia ez dago mesedeak egiteko moduan, are gutxiago pilotari kaltetuaburuzburuko txapelduna izateko arriskua badago. Asegarce, besteak beste, berriz ere asteleheneko jaialdia larunbatera pasatzea aztertu zuen atzo, baina aldaketen soka etetea erabaki zuen, eta eguerdi aldera hartu zuen erabakia.

Kalterik handiena telebistan eragingo du, gaur ez baita partidarik egongo Nitro katean eta programazioa aldatu beharko baitu. Sarrerei dagokienez, eta Asegarcek jakinarazi duenez, arazoa ez da hain larria. Eserlekuen «%75» inguru zeuden salduta, baina, gaur txarteldegian ordaindu beharreko erreserbak zirenez, ez da buruhauste larria. Asegarcek Internet bidez erositako 75 sarreretako dirua itzuli beharko du bakarrik.

Iruñe aldeko pilotazalearekiko keinu itsusia dela jakitun, Asegarce hurrengo larunbatean txapelketako bere bi partidak —Olaizola II.a-Begino Titin-Pascualen aurka eta Gonzalez-Laskurain Berasaluze-Apraizen kontra—Labriten jokatzea aztertzen ari da. Bestalde, Irujo-Merino II.aren eta Arretxe II.a-Zabalaren artekoa ostiralean jokatuko da, Mutiloabeitin (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.