Beste asko ere iritsezinak ziren

Bartzelona ahaltsuaren aurka jokatuko du Lagun Arok, erronka zaila duela jakitun, baina konfiantza handiarekin

Andoni Urbistondo.
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Mina egin du Murtziaren aurkako porrotak. Espero ez zen partida garrantzitsua galdu zelako eta nahiko modu itsusian galdu zelako. Lagun Aro azken hilabeteetan indartsu egin duten zantzuen arrastorik gabe. Erritmorik gabe, lanerako prestutasunik gabe. Haserretu egin zen Sito Alonso, baina bere gain hartu zuen porrotaren erantzukizuna, errazena errua jokalariei botatzea zen arren. Hartutako muturrekoak garaipenekin gainditzen dira azkarren, baina egutegiak ez dio ba mesede handirik egin Donostiako taldeari. Liderraren kantxa bisitatuko du, eta han garaipena lortzea zaila da. Ez loterian dirua irabaztea bezain zaila, baina zaila.

Baikortasun mezua helarazten saiatu da, halere, Sito Alonso. Garaipena lortzeko aukeraz harago, taldearen nortasuna berreskuratzeko deia egin zuen komunikabideen aurrean, eta, ohi bezala, aho bizarrik gabe: «Guk modu batean bakarrik dakigu jokatzen: azkar, bizi, defentsan estutuz, baina jabetza asko bilatuz. Joko molde horretatik ateratzen bagaituzte, sufritu egiten dugu. Murtziak lortu zuen, eta Bartzelonak antzera ez egitea da gure lehentasuna».

Erraza da esatea, baina ez hainbeste egitea, Bartzelona baita ligako talde onena defentsan. Jardunaldiz jardunaldi, zaleak txundituta uzteko gaitasuna du Xavi Pascualen taldeak. Joan den asteburuko jardunaldian 48 puntura mugatu zuen CAI Zaragozaren erasoko jarduna. Jadanik alferrikakoa da haien defentsarako abilezia goratzea. Lagun Aroko entrenatzaileak, behintzat, haien defentsa zigortzeko botika eman zuen: «Tentuz ibili behar dugu zona barruan sartzean. Beso zabalekoak dira jokalari denak, handiak, Navarro eta Huertas izan ezik, eta hegalekoen presioari iskin egiten dion jokalariak N'Dong, Perovic edo Vazquezekin egiten du topo, oso jokalari garaiekin».

Eta orduan zer? «Orduan, gure baliabideei etekina atera. Vidalekin korrika egin, Pankorekin buruz burukoak bilatu hura baino mantsoagoak diren jokalariekin, Baronentzat posizio onak bilatu...». Bartzelona goratzeari uko egin zion entrenatzaileak: «Niretzat, Lagun Aro da talde onena, ez daukat zalantzarik. Bartzelona talde zaila dela? Bai, zailenetakoa. Beste batzuk ere hala dira, baina irabazi diegu. Zergatik ez Bartzelonari?».

Koroleven itzulera

Lagun Arok hutsune garrantzitsua izango du. Papamakariosek ezin izan du taldekideekin batera lanik egin, eta etxean geratu da. Parean ligako eta Europako jokalari onenetakoa dagoela aintzat hartuta, arduratuta mintzatu zen Sito Alonso: «Navarrok mina egiten du parean bat edo beste izan, baina Manusek ezin du jokatu, eta kito, ez dago bueltarik. Lander Lasarekin saiatu beharko dugu zaintzan, eta Baronekin hirukoetan». Lasak borondatea eta gogoa du soberan, baina Navarro jokalari aparta da, eta tolosarrak gorriak ikusiko ditu. Baron ere herren samarra da defentsan, baina, Alonsoren ahotan, «erasoan eraginkor izanda ere parekoa zigortu daiteke».

Iaroslav Korolev errusiarrak beteko du Papamakariosen tokia. Otsailaren 28an eman zioten senda-agiria hegaleko jokalariari, eta, oraindik berde samar badago ere, haren ekarpena interesgarria izan liteke kanporaketetan. Bartzelonak ere badu hutsune handi bat: Pete Mickeal estatubatuarrarena.

BARTZELONA-LAGUN ARO

Txapelketa. Endesa Ligako 29. jardunaldia.

Bartzelona. Salgado, Neto, Lander Lasa, Jimmy Baron, Papamakarios, Vidal, Julen Olaizola, Panko, Ogide, Lorant, Doblas eta Betts.

Lagun Aro GBC. Salgado, Neto, Lander Lasa, Jimmy Baron, Vidal, Julen Olaizola, Panko, Ogide, Korolev, Lorant, Doblas eta Betts

Sailkapena. Bartzelona liderra da: 23-5 (+316); Lagun Aro 5. postuan dago: 16-12 (+87).

Tokia. Palau Blaugrana (7.500 ikusle).

Ordua. 12:30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.