Beste aukera bat eman dio

Azken hiru urteetan Osasunarekin golik sartu gabe zegoen Kike Sola, baina Jose Luis Mendilibarrek konfiantza eman dioAranda eta Pandiani min hartuta direla eta, Herculesen aurka ere hasieratik ariko da

Kike Sola, joan den igandean, Racingi sartutako lehen gola ospatzen; ondoren penaltia ere behartu zuen aurrelariak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Osasunaren lehen taldearekin partida bat jokatu zuen lehen egunean bi gol zoragarri sartu zituen Kike Solak (Cascante, Nafarroa, 1986), 2007ko ekainaren 9an. Betisen zelaian 0-5 irabazi zuen Jose Angel Zigandak zuzentzen zuen taldeak, eta Kike Solak maila bikaina erakutsi zuen egun hartan. Bazirudien Zigandaz geroztik Osasunako harrobiak eman duen aurrelaririk onenaren sorrera ikustear zirela zaleak. Baina hurrengo sasoietako ibilbidea ikusita, maila gorenerako bidean galduko zela zirudien.

2007-2008ko eta 2008-2009ko denboraldietan ez zuen asko jokatu Osasunan, eta 2009-2010eko denboraldian kanpora irtetea erabaki zuen, Jose Antonio Camachok ia aintzat hartzen ez zuela ikusita. Baina, Numantziarekin Bigarren Mailan ere aukera gutxi izaten ari zela ikusita, Greziako Levadiakos taldera joan zen utzita iragan sasoiko azken erdian. Gola sartu zuen Greziako Ligako lehen partidan, baina jardunaldiek aurrera egin ahala, han ere bazterrean geratu zen. Bere taldeak maila galdu zuen azkenean.

Udan burumakur itzuli zen Osasunara. Bigarren Mailako talde ugariren eskaintzak jaso arren, Osasunan geratzea erabaki zuen, baina Camachorekin bi partidatan eta azken minutuetan besterik ez zituen jokatu. Jose Luis Mendilibar iritsi denetik suspertu egin da Cascantekoa, dena dela. Azken bi partidetan hasieratik aritu da, eta azken norgehiagokan gol bat sartzeaz gain, bigarrena ekarri zuen penaltia ere behartu zuen. Aspaldian ez bezala ari da gozatzen Sola zelaian. Beste aukera bat eman diote; azkena izan daitekeela badaki, eta aukera alferrik ez galtzea da orain jokalariaren helburu bakarra.

Carlos Aranda eta Walter Pandiani min hartuta dauden unean iritsi zaio aukera Solari, eta taldeko laugarren aurrelaria izatetik hasierako hamaikakoetara egin du salto. Aranda eta Pandiani min hartuta zituela ikusita, Deportivoren aurka Dejan Lekic serbiarra jarri zuen hasieratik Mendilibarrek. Baina Lekicek ez zuen protagonismo handirik izan, eta Solak azken ordu laurdenean sortu zituen arrisku jokaldiek begiak zabaldu zizkioten entrenatzaile bizkaitarrari.

Hurrengo lehian, Malagaren zelaian, Solari eman zion hasieratik aritzeko aukera. Eta taldeak, aspaldiko partez, etxetik kanpo irabazi egin zuen. Hurrengo asterako aukera ere irabazi zuen Solak partida hartan, Lekicen zorigaiztorako. Eta Racingen aurka gol bat sartu eta erasoko jokaldi gehienetan parte hartu zuenez, datorren norgehiagokan ere —Herculesen zelaian— hamaikakoan jarraitzea ziurtatuta dauka Solak. Zuhur mintzatu da, ordea, aste honetan, Taxoaren: «Ezin naiz erotu. Badakit taldeari lagundu niola, eta pozik nago horregatik. Baina orain ezin dut pentsatu dena eginda daukadala. Badakit lanean gogor jarraitu beharra daukadala».

Igandean ekarpen ona egin bazuen ere, Solak badaki hobetu beharreko gauzak badituela, eta Mendilibarrek berak ere argi utzi zuen hori Racingen aurkako partidaren amaieran: «Gola sartu du eta penaltia ere eragin du. Hori oso garrantzitsua da aurrelarientzat, baina gehiago eskatu behar diogu. Aurkariek baloia dutenean, esaterako, gehiago presionatu behar du, atzelariak estutzen gehiago saiatu behar du».

Mendilibarrek gehiago nahi du

Argi dago zaldibartarrak faltan botatzen duela Eibarren edo Valladoliden Joseba Llorentek egiten zuen lana egingo liokeen aurrelariren bat. Solak hondarribiarraren grina, lanerako eta borrokarako gosea eta presioa egiteko borondatea izango balitu, Mendilibarrek ez luke esango gehiago eskatu behar zaiola. Are eta gutxiago Sola partidako jokalaririk onenetakoa izan zen egun batean. Baina erne eta lanerako prest izan nahi du Mendilibarrek Sola.

«Dena ez da golak sartzea eta goleko paseak ematea. Borrokatu egin behar du aurrelariak. Aurkarien atzelariek baloia eroso ez jokatzea ere nire eginbeharretako bat da. Badakit hori, eta entrenatzailearen aholkuak betetzen saiatuko naiz aurrerantzean», adierazi zuen Solak Mendilibarren hitzak jakin ostean. Beste aukera bat eman dio zaldibartarrak. Eta harrobiak eman duen Lehen Mailako azken aurrelariak Osasunan arrakasta lortu nahi badu, badaki partida guztietan barruak hustu beharra daukala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.