Beste aukera bat etxean

Espainiako Ligan lortu ez duena Kopan lortu nahi du Athleticek: sasoiko lehen garaipena San Mamesen

haritz gallastegi
2006ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Realaren eta Espainiako Koparen arteko maitasunak 1987an jo zuen gailurra. Harrezkero, ordea, ezinezko maitasun baten porrot eta desengainu zerrenda bihurtu da, azken denboraldietan batez ere. Entzutetsuak izan dira lehiaketa horren kontura taldeak jaso dituen kolpeak. Maitaleak zaindu behar direla ahaztu zaio Realari, trajerik onena jantzi gabe aurkeztu baita urteroko hitzordura. Ibilbide hori eta Ligan taldeak dauzkan komeriak aintzat hartuta, asko dira gaur Malagaren aurka jokatuko duen partida nahigabeturik hartu dutenak, pozoitutako oparia delakoan, zer irabazi ez dagoelakoan. Baina amodio kontuetan, sarritan, norberak gutxien espero duenean etortzen da maitalearen baiezkoa. Zergatik ez da adiskidetzerik izango?

Ziurrenik, Espainiako Kopa alde batera uzteko tentazioa inoiz baino handiagoa da egun, une honetan, Ligako egoerak beste guztia itzalpean uzten duelako, txikikeria ere badirudielako hori ez den edozer gauzari erreparatzea. Vila-realen aurka igandean jokatuko duen partidari ematen zaio garrantzi handien. Zergatik? Jose Mari Bakeroren etorkizuna erabaki dezakeelako; asko dira entrenatzailearen kaleratzearekin guztiz tematurik daudenak. Guztiarekin, inozokeria litzateke betiko akatsean erori eta Kopa baztertzea. Arrazoia oso sinplea da: gaur galtzeak ez dio inongo mesederik egingo Realari. Bakeroren burua beste ororen gainetik nahi dutenak pozteko baino ez luke balioko. Lan txukuna egiteak, aldiz, bultzada polita emango lioke hain konfiantza premia handia daukan taldeari.

Jokalariak horrelako norgehiagoka baterako mentalizatzeko gai izango ote diren da galdera. Bakerok, behintzat, ez dauka dudarik: «Profesionalak gara, eta hori da gure lana. Lehiaketa desberdina da. Hasieratik buru-belarri aritzea lortzen baduzu, oso polita izan daiteke». Aurten, inoiz baino politagoa, kanporaketa sistema aldaketari esker, bi partidetara jokatuko delako, eta, zazpi urte geroago, Anoetara itzuliko delako. Aitzakiarik ez dago, zentzu horretan. Talde txikiak atsegin zituen maitaleak Lehen Mailakoei erraztu dizkie gauzak ostera. Liga hasi aurretik itxaropen handiak zeuzkan jarriak entrenatzaileak Espainiako Kopan, eta inongo zentzurik ez luke orain amore emateak.

Kanporaketa bikoitza izateak lasaitasuna ematen dio taldeari, baina gehiegi ere ezingo da lasaitu. Buruz jokatzea izango da gakoa. Mallorcan lortutako puntua mirari hutsa ez zela izan egiaztatzeko eta emaitzak lortzeko bide egokian dela erakusteko aukera ere bada partida. Ildo horretan, entrenatzaileak serio hartu nahi du norgehiagoka. Ez du ustekaberik nahi. Aranbururi baino ez dio atseden eman. Ulergarria ere bada erdilaria zaindu nahi izatea. Skoubo, Garitano, Prieto eta Stevanovic min hartuta daude eta Gerardo zigortuta, baina jokatzeko prest dauden besteak, Malagara doaz. Azken urteetan ez bezala, bigarren taldeko jokalaririk ere ez dago deialdian.

MALAGA, BOLADA TXARREAN. Ez da giro Malagan. Ligako azken hiru partidetan puntu bakarra bildu du, nahiko itxura txarra eman ondoren, gainera, eta zazpi puntura dauka sailkapeneko lehen postua. Marcos Alonso entrenatzailea kinka larrian da honezkero, eta hura ordezkatzeko hautagaien artean Jose Manuel Esnal Mane dago, Realaren kasuan gertatu bezala. Urduritasun giro horri etekina atzeratzen saiatu beharko du Realak, baina gehiegi fidatu gabe, maila oneko eta eskarmentu handiko jokalariak dauzkalako Malagak: Navas, Couñago, Salva, Jonathan... Zelai erdian, hala ere, hutsune garrantzitsuak dauzka, Sandro eta Romerorenak. Jokoa antolatzen ardura handia dauka batak, eta aurkariarena suntsitzen besteak. Jaitsi berri den taldeari eusten dio Malagak, aldaketa gutxirekin. Fitxaketen artean Schurrer Realeko jokalari ohia dago.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.