Beste aurkari gogor bat Miarritzerentzat

Etxetik kanpo ariko dira lapurtarrak, Racing Top14ko lehen sei postuetan sartzeko arerio zuzenaren aurka

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Joan den astean Castresen zelaian galdu ondoren (28-13), Parisen ariko da Miarritze gaur arratsaldean, Racing aurkari zuzenaren aurka (20:40, Fr. Canal Plus Sport). Partida horrekin itxiko du ziklorik zailena, etxetik kanpo pisuzko bi aurkariren aurka aritua izanen baita. Joan den astean galdu zuen Miarritzek sasoi honetako lehen partida. Hala ere, sailkapeneko hirugarren postuan sendo iltzatuta jarraitzen du, Toulon eta Clermonten gibeletik.

Porrota jasotzea inoiz ez da ona, baina hainbestean hartu du Miarritzek: «Pena da Castresen galdu izana, emaitza hobea lortzeko modua genuelako. Hala ere, konfiantzari eusten diogu, eta gure indarraz segur segitzen dugu», azaldu du Arnaud Hegi aztalkariak. Porrotak on eginen duela pentsatzen duenik ere bada: «Azken asteotan anitz hitz egin da Miarritzeri buruz. Agian, horren ondorioz lasaitu egin gara. Castresek erakutsi digu talentua eta konfiantza ez direla aski irabazteko. Guri dagokigu orain erreakzio ona izatea». Hala hitz egin du Damien Traille kapitainak.

Aldaketa anitz taldean

Iragan sasoi hasieran partida bakarra ere ez zuen irabazi Miarritzek tarte honetan. Askoz hobeki dago orain sailkapenean. Porrotak soseguz hartzen laguntzen du horrek. Aldez aurretik eginiko lanak, Castreseko eta Racingeko partidak lasaiago kudeatzeko tartea eskaini dio Miarritzeri. Bi bidaia oso zail izan ditu ilaran; irabaztea oso zaila den bi zelaitan aritu da. Etxean jokatuko dituzten hurrengo bi partidetan daukate burua Agilerakoek. Lehen aurkaria Baiona izanen da, eta bestea Toulon handia.

Partida horiei begira, entrenatzaileek aldaketa anitz egitea erabaki dute. Lehen lerroa osoki aldatua izanen da. Gibelean, Julien Peyrelongue hasieratik ariko da. Mat Berquist Leinsterretik fitxatutako irekitzailea oraindik ez zelairatzea erabaki dute entrenatzaileek. Aste honetan berriz hasi da taldekideekin lanean, baina sasoian jarri beharra dauka oraindik. Gibelean, Iain Balshawek ere atseden izanen du, eta Benoit Baby hasieratik ariko da, Dan Haylett-Pettyrekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.