Liderrak are eta liderrago bilakatu dira gaur Santurtziko (Bizkaia) estropadan. Euskotren Ligan bi jardunaldi soilik geratzen dira liga bukatzeko; garrantzi handia zuen gaurko jardunaldiak, eta Arraun Lagunak-ek ez du hutsik egin: sei segundo atera dizkio Oriori, eta bi puntuko errentarekin iritsiko da Zarautzera (Gipuzkoa). Hango bi jardunaldiak azkenak izango dira Euskotren Ligan.
Eusko Label Liga amaitzeko jardunaldi gehiago falta dira, baina gero eta nabarmenagoa da liga irabazteko lehia bi talderen artekoa izango dela: atzo Bilbon gailendu zen Hondarribia, eta gaur etxeko estropada irabazi duen Santurtzi. Sotera-k erakustaldia eman du gaur; hasieratik izan da buru, eta ez dio inori aukerarik eman.
Bigarren sailkatu da Hondarribia 11 segundora, hirugarren bigarren txandan jokatu duen Donostiarra eta laugarren Orio. Eguneko galtzailea Zierbena izan da. Azken asteetako arazoek eragin dietela dirudi, eta zortzigarren amaitu dute bizkaitarrek. Sailkapen nagusian hirugarren daude oraindik, baina bi puntu eskasera dute Orio. Lidergoaren lehian, berriz, Santurtzik bost ateratzen dizkio Hondarribiari.
Atzetik aurrera
Santurtziko estropada eremua ezohikoa da, eta, haizearen eta itsasaldiaren arabera, oso gogorra ere bai. Hori hasieratik ikusi da gaur: emakumezkoen estropada hustuta amaitu dute arraunlariek. Estropada Oriok hasi du aurretik, baina azken luzean nagusitu da Arraun Lagunak, eta berebiziko garaipena eskuratu du. Oriok, behintzat, ez dio utzi Donostiarrari aurrea hartzen, eta liga irabazteko lehian jarraitzeko bidea ematen dion dion bigarren postua ziurtatu du.