Beste bat, beste bat

Athleticek hirugarren partida jarraian irabazi nahi du Getaferen aurka, eta Aranzubia ariko da atepean

haritz gallastegi
2008ko martxoaren 23a
00:00
Entzun


Athleticek hirugarren partida jarraian irabazi nahi du Getaferen aurka, eta Aranzubia ariko da atepean
Haritz gallastegi

Bilbo

Athleticek ezin du lorik hartu. Oraindik fin egin beharko du lan salbazioa eskuratzeko. Horretarako, bigarren itzulia hasi zenetik hartu duen bide berbera jarraitu behar du. Puntuak eman dizkion bidea, hain zuzen ere. Caparrosek zuzentzen duen taldea bigarren itzuli ona egiten ari da. Zehatzagoa izateko, puntu dezente ari da irabazten. Eta, futbolean, puntuek ematen dute bizipoza.

Guztira hamalau puntu eskuratu ditu Athleticek bigarren itzulian jokatutako bederatzi jardunaldietan. Emaitza onak dira.Baina ez dira nahikoa izan lasaitasuna lortzeko. Jaitsierako postuetatik ihes egin gura duten talde gehienak ere gogor ari baitira lanean. Inork ez du amore eman gura. Ondorioz, joan den sasoian baino behar hobea egin beharko da mailari eusteko. Iaz nahikoa izan ziren berrogei puntu mailari eusteko. Athleticek Getafe mendean hartzen badu hogeita hemeretzi izango ditu bigarren itzuliaren erdian. Hala ere, ez du erabat bermatua izango salbazioa. Gertu bai, baina oraindik ere ezin izango du futbolarekin gozatu. Presiopean jokatzen jarraitu beharko du. «Levante eta Murtzia atzean gelditu direla dirudi. Gainerako taldeak zain gaude ia zein talde den atzean geratzen den hirugarrena», adierazi zion BERRIA-ri Andoni Iraolak. Berandu baino lehen argituko dela dirudi, baina aurrez lehia gogorra izango dute borroka horretan dauden talde guztiek.

Getafe ere mailari eusteko behar diren puntuak eskuratzeko lehian egongo zela zirudien duela jardunaldi gutxira arte. Laudrupen taldeak txapelketa hasiera kaskarra egin zuen. Jokalariei asko kostatu zitzaien danimarkarrak agindutakoa zelaian erakustea. Baina, jardunaldiak jokatu ahala, itxuraldatu egin dira. Gazteek azkar ikasten dutela esan ohi da. Zer esanik ez gazteak eta onak baldin badira. Getafek jokalari beteranoen esperientzia eta gazteen talentua uztartzea lortu du.

Guztien ekarpenari esker nabarmen egin du aurrera Getafek. Atean eta atzeko lerroan gorengo mailan denboraldi asko daramaten futbolariei eman die konfiantza Laudrupek. Abbondanzierik, CataDiazek, Belenguerrek, Casquerok eta enparauekeman diote oreka eta sendotasuna taldeari. Aurrean, berriz, gazteek dute neurketak apurtzeko erantzukizuna: Uche, Granero, Albin, Kepa, Manu, Pablo Hernandez, Gavilan... jokalari asko eta onak. Euretako askok ez dute denbora asko beharko talde sendoagoetara joateko. Egungo Getafe baino indartsuagoak ez dira asko egongo, beraz, egokiagoa izan daiteke gehiago ordaintzen duten taldeetara joango direla esatea.

Euren ekarpenari esker egin du aurrera Getafek. Bigarren itzulian puntu gehien eskuratu dituen bigarren taldea da. Athleticek baino lau gehiago. Ligan ondo aritu arren, gainerako lehiaketak ez ditu alboratu. Espainiako Kopako finala jokatuko du bigarren urtez jarraian, eta UEFAn ere sendo jarraitzen du. Final-laurdenetan Bayern Munich izango du aurkari.

Laudrupen taldeak sei puntura du UEFA. Ezingo da kexatu, duela aste gutxi beheko postuetara begira zeudela kontuan hartuta. Baina Europarako txartela lortu aurretik salbazioa ziurtatzeko puntuak eskuratu beharko ditu. Beste txapelketetan aurkituko du Europan aritzeko bide motzagorik.

Athleticek, berriz, ez du Europarekin amets egiten. Beharbada, amets baino ez du egingo. Baina Getafe gertu dauka. Hiru puntura besterik ez. Madrildarren parera ailegatzeko, sendo agertu beharko da etxean. Orain baino indartsuago. Horretarako, Caparrosek aldaketak egingo ditu hamaikakoan. Ustaritzek merezitako jarraikortasuna izango du eta Amorebieta izango da bere bikotea defentsaren erdian. Ociok min du ezker belaunean eta atseden eman diote. Del Hornok ere beste aukera bat izan dezake. Azkena izan daiteke.

Zelai erdian ere egon daiteke aldaketaren bat. Gabilondo sukarrak jota egon da azken egunotan. Hala ere, Caparrosek deialdian sartu du. Jokatzeko moduan badago hasieratik aritu daiteke. Neurketa osoa jokatzeko moduan ez badago Yestek jokatu beharko du ezker hegalekoan eta Orbaiz arituko da euskarrian. Erasoan Etxeberria eta Llorente izango dira erreferentzia nagusiak.

Atean, berriz, Aranzubia egongo da. Azken egun bietan normal-normal entrenatu arren, Armando ez da erabat osatu. Medikuek atzo egin zioten azterketa ez zen uste bezain positiboa izan. Ondorioz, datorren astean beste azterketa bat egin beharko diote begia eta ingurua nola duen ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.