ZARAGOZA 1. OSASUNA 1

Beste berdinketa bat

Osasuna galtzear zela, Roversiok puntu bat berreskuratu du taldearentzat azken minutuetan. Partida aspergarria izan daGorritxoek ez dute erakutsi sailkapenean gora begiratzeko behar den anbizioa

2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Helder Postigak (85. min.); 1-1: Roversiok (88. min.) Epailea: Paradas Romero. Txartel horia Zaragozako Paredes, Lafita, Pintereta Mikaeli, eta Osasunako Raul Garciaeta Nekounami. Bestelakoak: 22.000 ikusle Zaragozako Romareda estadioan.

Osasunak ez du sinesten Txapeldunen Ligako postuetara gerturatzeko aukera duenik. Hori da atzo gorritxoek Zaragozan jokatutako partidaren ostean atera daitekeen ondorio argi bakarra. Aurrerapauso itzela emateko aukera zuten nafarrek Zaragozaren zelaian, sailkapenean hondoratuta baitago hura, baina inoiz ez zuten partida irabazteko grina berezirik erakutsi gorritxoek, eta amaieran berdinketa ere sari potoloa izan zen Jose Luis Mendilibarren mutilentzat, partida hutseko berdinketarekin bukatuko zela zirudienean Zaragozak markagailuan aurrea hartu baitzuen Postigak gola sartuta. Zorionez, Roversiok hurrengo jokaldian berdinketaren gola lortu zuen nafarrentzat korner batean. Ez zegoen beste ezertarako astirik, eta Sadartik kanpo jokatutako hamalau partidetan bederatzi berdinketa batu dituzte nafarrek atzokoarekin. Partida gutxi galdu dituzte, eta zelai zailetan (Camp Nou, San Mames, Santiago Bernabeu eta Sanchez Pizjuan), baina irabaztea asko kostatzen zaie era berean, Espanyolen zelaian soilik irabazi baitute etxetik kanpoko partidetan. 39 punturekin helburu nagusia gertu du Osasunak, baina gehiagorako adorerik ez dutela dirudi, tamalez.

Partidan ondo sartu zen Osasuna, eta erasora itsu-itsu jo ez bazuten ere, Zaragozako atzelarien gabeziak baliatu zituzten gorritxoek partidan gola sartzeko lehendabiziko aukerak sortzeko. Raul Garciak eta Damiak jaurtiketa arriskutsu bana egin zuten lehen ordu laurdena bete aurretik. Dena dela, azken postuan zergatik dauden argi erakutsi baldin bazuten ere, erasoan jokalari arriskutsuak ditu Manolo Jimenezek bere aginduetara, eta Osasunako atzelarien erraztasunak baliatuta, gola sartzeko zorian izan ziren gero Zaragozakoak bizpahiru alditan atsedenaldiaren aurretik.

Aukerarik argiena Helder Postiga aurrelari portugaldarrak izan zuen: 28. minutuan, Lafitak eskuin hegaletik falta bat jaurti zuen areara, eta Postigak baloia buruz errematatu zuen langara, atzelari gorritxoei aurrea erraz hartuta. Lafitak eta Luis Garciak ere izan zituzten Andres Fernandez lanean jartzeko moduko aukerak, baina errematean huts egin zuten Zaragozakoek. Izan zitekeen emaitzarik bidezkoena ageri zen estadioko markagailuan lehen zatiaren amaieran: 0-0.

Bigarren zatia hasi orduko, Lafitak berriz jo zuen langa, eta Zaragoza minutuak pasa ahala hobeto zegoela zirudien. Etxekoei zorteak ere bizkarra eman die sasoi honetan, ordea. Nekunamek ia-ia bere atean ere sartu zuen baloia, baina Andres Fernandezek ondo erantzun zuen. Osasuna partida kaskarra jokatzen ari zen, aurrean zuen aurkariak erraztasunak emanagatik. Eta onena hutsean berdintzeak ematen zuen puntua izango zela zirudienean Zaragozaren gola iritsi zen.

Puntuak ez zuen zapore gozorik utziko, baina Iruñera esku-hutsik itzultzeak are eta gutxiago, noski. Roversio agertu zen azken unean, ordea, beste behin geldikako jokaldi batean, eta gorritxoentzat gola sartu zuen. Partida kaskarra eta aspergarria jokatuta, puntua saririk onena. Aukera ona alferrik galdu zuten gorritxoek, dena dela. Osasunak ez zuen irabazteko goserik erakutsi, eta ez zuen emaitza hoberik merezi. Sailkapenean dagoen alderik ez zen ikusi bi taldeen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.