Europako Ligan aritzeko jokalarien zerrendan, ez daude Aitor Ocio (Gazteiz, 35 urte) eta Ustaritz Aldekoaotalora (Abadiño, 28 urte). Marcelo Bielsak Europako Ligarako fitxarik gabe utziko ditu ziurrenik bi atzelari zentralak. Europatik kanpo uzteaz gain, litekeena da gainontzeko baztertuekin entrenatzea hemendik aurrera, Edu Estibariz prestatzaile fisikoaren aginduetara. Taldetik joateko aukera gehiago ditu Ustaritzek. Betis izan daiteke haren hurrengo taldea. Ociok, berriz, duen adinarekin, zailago dauka talderen bat aurkitzea.
Bielsa ari da lehen taldea bere asmoen arabera murrizten. Hasieran, zazpi jokalari utzi zituen zenbakirik gabe, eta bi gehituko zaizkie. Azken horiek, ordea, badute Espainiako Ligako fitxa, baina ez Europako Ligarako. Horrenbestez, biek denboraldian gutxi jokatuko dutela badakite dagoeneko. Beraz, partidak jokatu nahi badituzte, aurrekoek bezala, taldea utzi beharko dute.
Alboratu berri dituen bi jokalariek, aurreko sasoian ere ez ziren izan Caparrosen begi onekoak, eta gutxi jokatu zuten —hamar partida bizkaitarrak, eta lau gasteiztarrak—. Sasoi honetan ere antzera ibiliko direla erakutsi du argentinarrak; izan ere, atzealdeko postu horretarako lau jokalarirekin nahikoa izango duela uste du: Borja Ekiza, Fernando Amorebieta, Jon Aurtenetxe eta Mikel San Jose. Gainera, beharko balu, Ramalho igotzeko aukera dauka. Kasurik okerrenean, eta Tottenhamen aurka egin zuen bezala —Amorebieta eta Ekiza min hartuta zeudelako— , Javi Martinez aritu daiteke San Joserekin zentral lanetan. Ocio eta Ustaritz Bilbon geratu ziren. Gainera, Carlos Gurpegi ere joka dezake erdiko atzelari postuan, Caparrosekin behin baino gehiagotan jokatu zuen bezala.
Ocioren kasua izan da harrigarriena. Joan den sasoi amaieran urte batez luzatu zuen amaitzear zegoen kontratua. Soldata asko murriztu zuen taldean jarraitzeko. Kontratua berritzeko arrazoietako bat aldagelan zuen pisua zen, kirol esperientzia handia izateaz gain. Eskarmentu hori lagungarria izango litzatekeela pentsatu zuten taldeko buruek, besteak beste Europako Ligan.
Aurreko sasoian, lesioengatik, partida asko galdu zituen, eta ez zuen Caparros konbentzitu. Sasoi honetan lesioekin zorte hobea izango zuelakoan luzatu zuen kontratua, baina entrenatzaile berriak ere ez dio aukera askorik eman. Argentinarrari ez zaio gustatu lagunarteko partidetan emandako itxura. Eta hasiera batean aukera ematea erabaki zuen arren, azkenean, Europako Ligatik kanpo utzi du atzelari beteranoa.
Ustaritzek denboraldi amaieran joateko aukera izan zuen arren —besteak beste Erroma eta Fiorentina Italiako taldeen eskaintzak zituela zabaldu zen—, Bielsaren esanetara geratzea erabaki zuen. Baina denboraldi-aurre honetan egin duen lana ez da nahikoa izan entrenatzailearen gustukoa izateko. Azken egunetan, Betis, Lehen Mailara igo berria den taldea, bizkaitarra fitxatu nahian dabilela zabaldu da, eta ez litzateke harritzekoa hara joatea. Dirudienez, han izango ditu Bielsak emango ez dizkion aukerak.
Balentziaga, irteten azkena
Mikel Balentziaga eta Ion Velez izan dira zenbakirik gabe zeudenetatik joan diren bakarrak. Lezamatik Valladolid aldera joan da Balentziaga, eta Gironara Velez. Biak Bigarren Mailara, jokatzeko aukeraren bila. De Zerio, Koikili, Iñigo Perez, Cerrajeria, Zubiaurre eta Urko Vera oraindik talde bila jarraitzen dute, eta hemendik aurrera, ziurrenik, baita Ocio eta Ustaritz ere.
Bielsak alboratu dituen jokalariak Edu Estibariz prestatzaile fisikoaren esanetara ari dira entrenatzen, eta Lezaman ez dute harremanik gainontzeko kideekin. Bielsak hala aginduta, beste zelai eta ordu batzuetan entrenatzen dira, eta lan fisikoa baino ez dute egiten. Denboraldi-aurrean ez dute partidarik jokatu.
Beste bi albora ditzake
Aitor Ociok eta Ustaritzek ez dute tokirik Marcelo Bielsaren asmoetan, eta Europako Ligarako zerrendatik kanpo utzi dituGasteiztarrak ez du eskaintzarik jaso oraingoz; bizkaitarrak Betisena du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu