Beste bi handi ere, sailkatuta

Aurkarien hutsei esker, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan ariko dira Inter Milan eta Bayern Munich ere

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Neke handirik pilatu gabe lortu zuten atzo Inter Milanek eta Bayern Munichek Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako txartela. CSKA Moskuren hutsegitea baliatu zuten italiarrek aurrera egiteko; eta Vila-realen ezinak eman zien saria alemaniarrei. Real Madril, Bartzelona eta Milani beste bi talde gehitu zaizkie, beraz, sailkatutakoen multzoan.

A multzoan, Bayern Munichek partida hastearekin batera bideratu zuen egoera, Riberyk 2. minutuan sartu zuelako 1-0ekoa. Mario Gomezek eta Riberyk berak sartu zituzten beste bi golak. 3-1 amaitu zen partida; alemaniarrak sailkatuta daude —lehen postuan—, eta valentziarrak Europako Ligarako aukerarik gabe geratu dira. Manchester Cityk gehiago sufritu zuen Napoliren aurka. Galtzen hasi ziren ingelesak, eta 1-1ekoa lortu arren, italiarrak berriz ere aurretik jarri ziren bigarren zatian (2-1). 8 puntu dauzka orain Napolik, eta 7 Manchester Cityk. Ligan indartsu baina Europan larri dabil City.

B multzoan partida jokatzen hasterako sailkatu zen Inter Milan. Arratsaldean CSKA Moskuk galdu egin zuen etxean Lilleren aurka (0-2), eta italiarrek eroso jokatu zuten gero Turkian, Trabzonsporren aurka. Berdinketari esker (1-1), lehen postua ziurtatuta daukate. Beste hiru taldeek ere sailkatzeko aukera daukate.

C multzoa ere estu dago. Manchester Unitedek eta Benficak 2-2 berdindu zuten, eta 9na punturekin daude biak. Eta Oteluli 2-3 irabazita, 8 punturekin jarri da Basilea. Suitzarrek Manchesterren aurka jokatuko dute azken lehia.

D multzoan, azkenik, Real Madrilek hankapean ibili zuen Dinamo Zagreb (6-2), eta Lyonek eta Ajaxek 0-0 berdindu zuten. Azken jardunaldian Ajaxek huts larria egin beharko lukete ez sailkatzeko. Lyonen emaitzaren arabera, galduta ere sailka daitezke.

Gaur beste sei txartel egongo dira jokoan. Chelsea eta Bayer Leverkusen sailka daitezke E multzoan; Arsenal eta Olympique Marseilla F multzoan; eta Apoel eta Zenit G multzoan. H multzoan erabakita dago erabaki beharreko gehiena. Bartzelona eta Milan sailkatuta daudenez, Europako Ligarako lehian ariko dira Bate Borisov eta Viktoria Plzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.