SASKIBALOIA. ESPAINIAKO KOPA

Beste egun bat Zaragozan

Finalerdietan sartu da Tau Baskonia, eta gaur Real Madrilen aurka jokatuko du finalerako txartela

Jon Rejado.
ZARAGOZA
2005eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Asko sufrituta lortu du Tauk Zaragozan beste egun bat egotea. Kopa eraman ahal izateko gainditu beharreko hiru finaletatik lehena gainditu du Tauk, eta, bide batez, Gasteiztik gerturatutako zale guztiei Zaragoza ezagutu ahal izateko aukera eman die. Zaragoza, ordea, ez da egun bakar batean ikus daitekeen hiria...

Kopa, saskibaloian, mundu ezberdina da, eta, mundu horretan, hutsetik hasi behar du talde bakoitzak txapelketa. Tau Baskoniak biziki nabaritu zuen egoera hori, eta partidako lehen minutuetan egin ohi duen jokoa egiterik ez zuen izan; defentsan azkenaldian lortutako gogortasuna desagertuta, erasoan jaurtiketa errazetan huts egin zuen. Gogo gehiegi, baina kontrol gutxi erakutsi zuen, eta baloi asko galdu zituen, baita kontraeraso argietan huts egin ere. Horretaz baliatuz, Gran Canariak aurrea hartu zuen markagailuan, baita McDonalden esku bati esker ere.Hasiera bateko urduritasuna ahaztu ondoren, Tau bere jokoaren handitasuna agerian uzten hasi zen. Calderonek eta Macijauskasek gainontzeko taldekideak partidan sartu zituzten, eta markagailuan aldea zabaltzen hasi zen. Defentsan, bitartean, ondo zaindu zituzten pase lerroak eta Gran Canariaren erasoak bizitasuna galdu zuen. Talde lana nagusi zela kantxaren bi aldeetan, Tauk inolako arazorik gabe alde egin zuen markagailuan.

Talde jokoa defentsarekin batera desargertu zen

Lehen laurdenean egindako lan txukun hori, ordea, guztiz desagertu zen bigarrenean, baita hirugarrenean ere. Defentsan indar asko galdu zuen, eta horrek saskipeaz jabetzeko aukera eman zion. Hiruko lerrotik jaurtitzeko beharrik ez zuen izan Gran Canariak, saskitik lau bat metrora nahi izan zuen toki guztia izan baitzuen jaurtizeko. Bettsen hutsunea gastroenteritisak jota are nabariagoa izan zen orduan. Errebotea eskuratzeko ere hamaika arazo izan zituen Tauk, eta horrela Pedro Martinezen taldeak markagailuan aurrea hartzeko ez zuen inolako arazorik, bost puntuko aldea izatera helduz (48-53).

Banakotasunen bidetik baino ez zuen lortu Tauk saskiratzea, eta talde bezala nahiko desagertuta egon arren inoiz ez zen atera partidatik. Partidan bete-betean sartzeko ardura hartu zuena Sergi Vidal izan zen. Hasiera batean behatz lodian duen minaren ondorioz jokatu behar ez zuen arren, falta zitzaion jarrera eskaini zion Baskoniari, eta hortik aurrera taldeak bere jokatzeko modua berreskuratu zuen. Defentsa gogortuz Gasteiztik Zaragozara joandako zaleak piztu zituzten, eta partida berri bati aurre egiteko prest agertu ziren.

Baskoniak azken minutuak lasaiago jokatu zituen

Gran Canariak azken laurdenera markagailua orekatuarekin heltzea zuen helburu, Tauren aurreanezustekoa eman ahal izateko. Hori lortu arren, ordea, azken minutuak ez zituen behar bezala prestatu. Baskoniak defentsa askoz estuagoa lortua zuen Sergi Vidali esker, eta gasteiztarren saskipean ez zegoen horrenbeste toki baloia mugitu ahal izateko. McDonalden lan ona guztiz gelditu ondoren Baldok eta beste jokalari batzuk hartu behar izan zuten ardura.

Tauk, bitartean, jokalari garrantzitsuak aurkitu zituen orduan. Calderonek eta Scolak azkeneraino borrokatu zuten taldea aurrera eramateko,eta baita lortu ere, asko sufrituta.

TAU BASKONIA 77

GRAN CANARIA 75

Tau Baskonia: Jose Manuel Calderon 18), Arvydas Macijauskas (18), Travis Hansen (9), Luis Scola (10), Kornel David (4) -hasierako bostekoa-; Pablo Prigioni (5), Sergi Vidal (2), Robert Conley, Tiago Splitter (11).

Gran Canaria: Billy Keys (16), Jason Klein (13), Jim Moran (8), Sitapha Savane (7), Walter McDonald (16)v -hasierako bostekoa-; Salva Camps, Roberto Guerra (5), Roger Esteller (2), Eduardo Hernandez-Sonseca, Victor Baldo (8).

Markagailua: 23-14; 38-35 (atsedenaldian); 56-54; 77-75.

Epaileak: Mitjana, Garcia Ortiz eta Conde. Kanporaturik ez.

-

erreakzioak





DUSKO IVANOVIC (Tauko entr.)

«Aldea azkarregi zabaltzeak erasoan lasaitasunik gabe jokatzea ekarri du»





«Zaila zen partida bat irabazi, eta finalerdietan egotea merezi izan dugu», azpimarratu zuen atzo partida bukatu ondoren Dusko Ivanovicek. «Nahiago ditut markagailu estuak, kontzentrazioa mantentzen laguntzen digulako hurrengo partidarako», azpimarratu zuen ere. Ivanovicek zaleak beste behin txalotu zituen: «Partida bakoitzean izugarriak direla erakusten dute».



J.M. CALDERON (Tauko jokalaria)

«Hirugarren laurdenean erritmoa ezarri dute, baina ez dugu alde egin partidatik»





«Espero genuen bezala, ACBko partidekin ez du zerikusirik izan gaurkoak», argitu zuen Calderonek partida bukatu ondoren. «Gu bezala aurrera egitea merezi izan dute; hirugarren laurdenean erritmoa ezarri dute, baina ez dugu alde egin partidatik», nabarmendu zuen ere Tauko joko banatzaileak. «Taldea hiru final jarraian jokatzeko prest dago behar den bestetan».



PEDRO MARTINEZ (Gran Canariako entrenatzailea)

«Azken minutuetan, gure hutsek eta beste batzuenek baldintzatu dute partida»





«Oso partida zaila jokatu dugu gaur, oso talde gogor baten aurrean, eta nire jokalariak zoriondu behar ditut egindako lanagatik», adierazi zuen Pedro Martinezek; baina, aldi berean, egindako hutsak ere agerian utzi zituen. «Azken minutuetan, gure akatsek eta beste batzuenek baldintzatu dute partida», azpimarratu zuen epaileek hainbat zalantzazko erabaki gogora ekarriz.



VICTOR BALDO (Gran Canariako jokalaria)

«Oso partida orekatua izan da, eta bi taldeek izan dute aukera aurrera egiteko»





«Oso lan ona egin dugu, baina azken unean ez dugu lasaitasuna mantendu. Oso partida orekatua izan da, eta bi taldeek izan dute aukera aurrera egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.