Espainiak 67-59 irabazi dio Errusiari gizonezkoen saskibaloiko lehenengo finalerdian. Olinpiar Jokoetako finalean izateko faborito nagusiak ziren AEBrekin batera, eta aurreikuspenak bete dituzte.
Finaleko aurkaria Argentina eta AEBren arteko partidatik aterako da (22:00), baina, ezusterik ezean, egungo olinpiar txapeldunek, hau da, estatubatuarrek egingo dute aurrera. Urrea irabazteko faborito nagusiek, alegia.
Errusiak sailkatze fasean mendean hartu zuen Espainia, eta gaur partida nola hasi den ikusita bazirudien errusiarrak lorpen hura errepikatzeko amorruz zirela. 31-20ko aldeko emaitzarekin joan dira atsedenaldira. Emaitza da, hain justu, egin dituzten hutsen adierazgarri; izan ere, ez dira fin aritu saskiratzerako orduan, tentsioa igartzen zen.
Hirugarren laurdenean gauzak aldatu egin dira ordea, eta espainiarrak erasoan asmatzen hasi dira. Calderonen hirukoen eta Pau Gasolen emanari esker, 26 eta 15eko partziala lortu dute hirugarren zati horretan; Errusiak, berriz, saskiratzeko arazoekin jarraitu du.
Hortik aurrera, Frantziarekin gertatu bezala, Espainiak aurrea hartu eta aldea mantentzen jakin du.