Beste helburu bat

Mendilibarrek uste du 43 puntu nahikoa direla mailari eusteko, eta orain Iruñean Europarako sailkatzearekin amets egiten duteReal Madril eta Bartzelonaren ondotik, lehia gutxien galdu duen taldea da Osasuna: sei

Iruñea
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Osasunak herenegun Ciutat de Valencia estadioan Levanteri 0-2 irabazita, esan daiteke denboraldiko helburu nagusia bete duela. Ez dirudijaisteko postuetan diren hiru taldeetako inor 43 puntu baino gehiago batzeko gai izango denik, eta hondamena gertatu beharko luke azken bederatzi jardunaldietan Osasuna datorren sasoian Espainiako Lehen Mailan ez aritzeko. Beste helburu batzuetan pentsatzeko ordua iritsi zaio, beraz, Iruñeko taldeari. Sailkapeneko seigarren postuan dira nafarrak, eta atzetik talde asko puntu gutxira izanagatik, zazpigarrenari, Espanyoli, partida bateko aldea ateratzen diote. Lehen Mailan aurrekontu txikiena dutenen artean hirugarrena da, eta halako klub batean ez da erraza Europan lehiatzeko hautagai direla esango duen inor aurkitzea. Baina egoera honetan, ukaezina da Osasuna buru-belarri sartuta dagoela datorren sasoian Europan aritzeko borrokan.

Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak mailari eustea bakar-bakarrik zuen buruan orain arte. Bere adierazpenetan behintzat, zuhur mintzatzen zen. Igandean Levanteri irabazi eta gero, begien bistakoa onartzea beste erremediorik ez zuen izan zaldibartarrak, dena dela. «Datorren denboraldian ere Lehen Mailan izango da Osasuna. Ez dut uste atzean daudenek guk orain dugun adina puntu pilatuko dutenik hurrengo bederatzi jardunaldietan», esan zuen lehendabizi, gehiegi harrotu gabe. Eta bere taldea datorren denboraldian Europan lehiatzen imajinatzen al duen galdetu ziotenean ere zuhur mintzatu zen. Hori bai, ukaezina dena ez zuen ukatu: «Orain gauden egoeran egonda, derrigortuta gaude ahalegintzera. Badakigu ez dela erraza, talde asko gaude puntu gutxiren tartean, eta zaila da bederatzi jardunaldi barru bakoitza non egongo den aurreratzea. Orain dugun postuari eusten saiatu beharra daukagu, baina, badaezpada ere, hobe dugu hurrengo norgehiagokan soilik pentsatzea».

Eta hurrengo partida hori larunbatean jokatuko dute gorritxoek, liderraren aurka; Real Madrilen aurka, alegia. Lehen itzulian 7-1 nagusitu zen Real Madril Santiago Bernabeun. Baina, zorionez, larunbateko partida etxean jokatuko du Osasunak. «Etxetik kanpo talde horiek ustekabean hartzea zaila da, baina etxean ezberdina izango dela uste dut, eta irabazi ahal izango dugu, nahiz eta badakigun talde handia izango dugula aurrean. Gainera, Bartzelona atzetik du Real Madrilek, eta puntu premiarekin etorriko da. Partida gogorra izango dela uste dut».

Gainditzen talde zaila dauka Osasunak, eta Bartzelonari Nafarroako Erresuman 3-2 irabazi ostean, Real Madrilen aurka ere balentria lortu nahi dute gorritxoek. «Edonorentzat aurkari gaiztoa gara, guri irabaztea ez da erraza. 29 partidatik sei besterik ez dugu galdu: Bartzelona, Athletic, Real Madril eta Sevillaren aurka etxetik kanpo, eta Racing eta Atletico Madrilen aurka etxean. Denboraldi dotorea egiten ari gara. eta amaiera arte hala jarraituko dugula uste dut».

Kontratua luzatzekotan

Bestalde, bere kontratuaren inguruan ere hitz egin zuen zaldibartarrak —sasoiaren amaieran bukatzen zaio—. Mendilibarrek esana zuen mailari eustea lortu aurretik ez zuela gai horren inguruan hitz egiterik nahi, baina 43 puntu batu ostean ez dirudi asko itxaron beharrik izango duenik Osasunarekin duen kontratua luzatzeko. Aste honetan ez bada, hurrengoan izango da. Angel Martin Gonzalez kirol zuzendariak atzo argi utzi zuen Mendilibarrek Osasunan jarraitzea nahi duela klubak, eta «lehenbailehen» egin nahi dutela akordioa.

Mendilibarrek ere ez du arazorik espero kontratua berritzeko orduan: «Gure nahia Osasunan jarraitzea dela askotan esan dugu, eta oraindik ez dugu ezertaz hitz egin klubarekin, baina euren asmoa ere guk hemen jarraitzea dela uste dut. Beraz, ez dut uste arazorik izango dugunik beste urtebetez Iruñean jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.