Beste horma bat dauka zain

Athleticek aukera ona dauka gaur Slovanen aurka erakusteko badakiela atzean sartzen diren taldeen kontra jokatzenZuri-gorriek irabazi gura dute, Europako Ligako F multzoko lehen postua ziurtatzeko

Marcelo Bielsa eta Athleticeko zenbait jokalari, atzo Lezaman egindako entrenamendu saioan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ezer gutxi dago jokoan Athleticek eta Slovan Bratislavak gaur San Mamesen jokatuko duten partidan. Eslovakiako taldeak turismo pixka bat egiteko aukera izango du. Ez dauka ezer jokoan. Lau partidetan puntu bakarra eskuratu du —hutsean berdindu zuen etxean Paris Saint-Germanekin—. Hortaz, F multzoko azken sailkatua da. Beraz, irabazteagatik UEFAk ematen duen diru saria eta Espainiako Ligako talde bati irabazteak ematen duen ospea izango ditu jokoan. Futbolariek, berriz, ohorea eta kirolari guztiek izan behar duten lehiakortasuna jarriko dute mahai gainean. Eta bide batez liga indartsuenetako bateko talderen baten arreta pizten baldin badute, askoz hobe. Horretarako, nahiko argi dago zein izango den Vladimir Weiss entrenatzaileak erabiliko duen estrategia: sendo jokatu defentsan, eta kontraerasoa baliatu. Estrategia ezaguna? Bai, Granadak egin zuen jokoa da. Granadak, Salzburgok, Betisek… talde askok itxaron diote Athletici beren atearen inguruan San Mamesen, eta gehienek izan dute arrakasta.

Katedralera eramango duen autobusarekin zelairatuko da Slovan. Argazkia ezaguna da: lauko bi lerro atezainaren aurretik eta bi jokalari aurrera egiteko. Oraindik argitu gabe dagoena da nola egingo dion aurre pareta horri talde zuri-gorriak. Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldea eroso ari da ausart eta lotsagabe irabaztera zelairatzen diren kontrarioen aurka, baina bestelakoak dira kontuak ustez talde apalak direnen aurka lehiatzea egokitzen zaionean. Ez du asmatzen. Ez du zulorik aurkitzen. Eta norgehiagokak aurrera egin ahala, urduritasuna eta antsietatea agertzen da jokalari zuri-gorrien artean.

Zer egin behar da horrelako partidak irabazteko? Athletici jarraitzen dioten askok uste dute B plana prestatu beharko lukeela Bielsak. Jokatzeko era aldatu beharko lukeela, alegia: hormarenak egiten ezinezkoa denean joko zuzena erabiltzearen aldekoak asko dira. Joaquin Caparrosen eredua ahaztu ezin dutenak dira. Egiari zor, Fernando Llorente izanda, ez da aukera txarrena. Beste batzuen iritziz, estrategia jokaldietan hobetzea nahikoa litzateke dinamika aldatzeko. Athleticek errentagarritasun handia atera die geldikako jokaldiei azken denboraldiotan, baina sasoi honetan ez da asmatzen ari. Faltak eta kornerrak jaurtitzeko futbolari dohatsuak ditu Bielsak, baina ez dira arriskua sortzeko gai izan.

Badira Bielsak hamaikakoan aldaketak egin beharko lituzkeela diotenak ere. Iritziak iritzi, hori guztia egin aurretik Athleticek orain arte lantzen ari den jokoan sakonduko balu, inork ez luke ezer aipatuko B planaz. Athletic eraginkorra ez bada, baloia azkar mugitzeko gai izan ez delako da. Eta atzean ondo kokatuta dagoen talde batean zirrikituak aurkitzeko, ezinbestekoa da abiadura. Arlo horretan ari da motel. Eta horrela, gaitza da arriskua sortzea. Bestalde, partidako lehen gola sartuko balu, goitik behera aldatuko lirateke gisa horretako neurketak. Baina, hori lortzeko, aurrez egin behar dira ondo gauzak —ez da gai izan galtzen hasitako norgehiagoka bat irabazteko—. Gaur dauka Athleticek funtzionatu ez duena lantzen segitzeko aukera. Aparteko presio barik, zaleen babesaz, gabeziak lantzeko aukera izango du.

Pentsatzekoa da gaur orain arte gutxi jokatu duten zenbait futbolariri emango diela aukera Bielsak. Besteak beste, Athleticek lehen taldeko futbolari guztien beharra izango duelako hurrengo hilabeteetako aldapari aurre egiteko. Beraz, jokalari denak sasoi onean eta motibatuta egotea garrantzitsua da. Bestalde, zenbait jokalari hasi dira neke zantzuak erakusten: De Marcosek, Llorentek, Iraolak eta Javi Martinezek, besteak beste, arazo fisikoak dituzte, eta ez dira ahal duten guztia ematen ari. Eskertuko dute atseden apur bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.