Gaizki hasten dena gaizki amaitu ohi dela. Halaxe dio esaera zaharrak. Eta Realaren jarduna ikusita, hala izango da. Dudarik ez gainera. Izan ere, urrezko hiru puntu eskutan izan dituzte bart txuri-urdinek Celtaren aurkako partidan, eta ustekabean ihes egin dute. Nola ihes egin ere. Agirretxeren gol bati esker, 8. minutuan aurrea hartu dute etxekoek, baina lehia amaitzeko sei minutu besterik falta ez zirela berdinketaren gola egin du Nolitok. Hala, beste behin ere, kolpe latz batetik altxa beharrean dago David Moyesen taldea.
Hasi, ezin hobeto hasi da neurketa etxekoentzat. Gerora gutxiago sufritzeko gauzak ahalik eta azkarren egitea omen erremediorik onena, eta etxekoek kasu egin diote esaerari. Lehen gol aukera garbian, 1-0ekoa egin baitute. Granerok eskuin hegaletik jokaldia egin, Xabi Prietori erdiratu, eta donostiarraren paseari amaiera bikaina eman dio Agirretxek buruz. Sergioren ate aurrean azti jokatu du usurbildarrak.
Gol goiztiar horrek lasaitasuna eman die etxekoei, eta urduritasuna galiziarrei. Dena den, bururik ez dute galdu bisitariek, eta minutuak igaro ahala Rulliren ate ingurura hurbiltzen hasi dira. Gol arrisku handirik sortu gabe, baina bistakoa izan da jokoan gehiago zirela. Denboraldi osoan ohi bezala, Pardo eta Granero tokia galduta aritu dira, eta Realaren zelai erdia gainditzeko inolako arazorik ez du izan Celtak. Realak berak ere aukera onak izan ditu kontraerasoan ateratzeko, baina ez du asmatu. Abiadura falta izan zaio.
Atsedenaldia gerturatzen ari zen heinean, hori bai, gora etorri dira etxekoak, eta azken hamar minutuetan sentsazio onak erakutsi dituzte. Zalduak eta Yurik arriskua sortu dute bi hegaletan, eta Agirretxe bizkor ibili da. Bigarren gola egiterik ordea ez dute lortu.
Aldageletara, etsita
Eta garesti ordaindu dute. Oso garesti. Bigarren zatiaren ia gehiengoa kontrolpean izan du Realak. Distirarik gabe jokatu arren, sufritu beharrik ere ez du izan. Gol bakarreko aldeek baina, horixe dute: arriskua. Eta Celtak ez du barkatu. Nolitoren magia bati esker, berdinketaren gola egin dute 84. minutuan, eta halaxe amaitu da partida.
Normala den gisan, aldageletarako bidea etsita hartu dute txuri-urdinek. Beste behin, hortaz, lanean segitzea tokatzen zaie.