Etxebarrian (Bizkaia) hasi eta Eibarren (Gipuzkoa) amaitu, sei eguneko ikuskizuna zain dauka Euskal Herriko Itzuliak, apirilaren 4tik 9ra. Gaur arratsaldean aurkeztu dute lasterketa, Donostian, eta, urtero bezala, parte-hartze on-ona izango du aurten ere. Besteren artean, irteeran izango dira Joaquim Rodriguez iazko garailea (Katuxa), Mikel Landa (Astana), Tom Dumoulin (Giant), Bauke Mollema (Trek), Robert Gesink (Jumbo), Dan Martin (Etixx), Samuel Sanchez (BMC), Thibaut Pinot (FDJ), Sergio Luis Henao (Sky), Ion Izagirre (Movistar), Alberto Contador (Tinkoff-Saxo), Nairo Quintana (Movistar) eta Fabio Aru (Astana). Ibilbideari izar festa gehituta, ezusterik ezean ikusgarritik asko izango du asteak.
Etxebarrian hasiko da itzulia, apirilaren 4an, eta Markina-Xemeinen amaituko da lehen etapa hori. Azken kilometroetan, Ixua lehen mailako mendatea igo beharko dute lehenengo, eta Aiastia gaina gero (2), azken hori helmugara iristeko sei kilometro pasatxo faltako direnean. Markina-Xemein eta Amurrio lotuko ditu bigarren etapak, eta igoera motz baina gogorra izango dute amaieran, Garrastatxuko ermitara bidean (2). Gasteiztik abiatu eta Lesakara iritsiko dira asteazkenean, hirugarren etapan. Aritxulegi (2), Agiña (2) eta Errukiñeren gaina (3) igo beharko dituzte azken 30 kilometroetan.
Azken hiru etapetan, berriz, Gipuzkoan barrena ibiliko da lasterketa. Lesakatik abiatuko da laugarrena, eta Orion amaituko da. Jaizkibel (1) eta Arkale (3) igo beharko dituzte etapa hasieran, eta Aia (2) bi aldiz amaieran, bi aldetatik. Klasikoetako bat iritsiko da ostiralean, Orion hasi ondoren Arrate gainean amaituko delako bosgarren etapa. Eta gogor-gogorra izango da itzuliaren amaiera ere, gorabeheratsua delako Eibarren hasi eta amaituko den 16,5 kilometroko erlojupekoa, Arraterako igoera tartean duela. Sei eguneko tartean, 32 igoera denera: lehen mailako hiru, bigarren mailako hemeretzi, eta hirugarren mailako hamar. Beste koska bat gogortuta, ikusgarri dator Euskal Herriko Itzulia.