Beste langa bat mailari eusteko

Zulotik irteteko partida garrantzitsuak jokatuko dituzte Miarritzek eta Baionak, gaur, Brive eta Montpellierren aurka

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Miarritzek eta Baionak ez dute atsedenik Top14ko sailkapeneko azken postuak uzteko lehian. Joan zen astean, Miarritzek jaitsiera postuak utzi zituen, Akizen Bordeleri irabazita (38-13). Baionak, berriz, Parisko Racingi 70 minutuz aitzina harturik egon ondotik, galdu egin zuen Boboren entsegu batengatik (23-22).

Bi taldeak arratsalde honetan ariko dira. Miarritze etxean ariko da, Briveren aurka, 14:15ean. Tenore berean, Baiona Montpellierren ariko da, hango taldearen aurka. Top14a bururatzeko zazpi jardunaldi falta direlarik, puntutan berdinduta daude Lapurdiko kostaldeko bi taldeak. Puntu alde hobea izanik, alta, Miarritze Baionaren aitzinetik da, hamabigarren postuan. Lapurdiko hiriburukoak jaitsiera postuetan daude, hamahirugarren postuan.

Arratsalde honetako partidek berebiziko garrantzia izanen dute bi euskal taldeentzat. Biak pattal ari dira denboraldi honetan, eta, maila ez galtzeko, izerdi anitz isuri beharko dute azken partida arte. Gaurko egoera ikusita, Bordele bederatzigarrenaren eta Lyon sailkapeneko azkenaren artean dauden taldeak borrokatuko dira Top14an maila ez galtzeko. Lehia bizia izango da, zalantzarik gabe.

Hori ikusita, biziki garrantzitsua izanen da Miarritzerentzat Briveri irabaztea. Alde batetik, jaitsiera postuetatik urruntzeko balioko lioke. Horrez gain, irabazteak berriz estutasunetan ezarriko luke Brive, horrek zulotxoa egin baitu. Miarritzetik zazpi puntura dago Brive, 37 punturekin, eta, gaur galduz gero, bete-betean sartuko da arriskuan.

Yachvili Miarritzen

Garrantzi handiko partida hori jokatzeko ez da soberan izanen Dimitri Yachvili uztartze erdiaren ekarpena. Gaitzeko sasoi puntuan dago Yachvili, eta joan zen astean pisu handia izan zuen Miarritzeren garaipenean, bi entsegu sartuta. Azken asteetan, Top14ko eta, agian, Europako jokalaririk onena izan da.

Asteburu honetan Sei Nazioen Torneoko jardunaldia izan arren, Miarritzen egonen da Yachvili, eta ez Frantziako selekzioarekin. Philippe Saint-Andre Frantziako hautatzaileak onartu du zalantza anitz izan dituela erabakia hartu aurretik, baina, azkenean, Lapurdin utzi du Yachvili. Erabakiak polemika piztu du, batzuek erran baitute Miarritzeri mesede egiteko hartu duela Saint-Andrek erabaki hori. Selekzioko bigarren entrenatzailea Miarritzeko entrenatzaile Patrice Lagisquet da, eta Frantziako Federazioko zuzendaritzako kide da Serge Blanco Miarritzeko presidentea. Hori dela-eta, mihi gaiztoen susmoak piztu dira. Gaitz erdi, Miarritzen geldituko baita Yachvili.

Baionak, berriz, lan zailagoa izanen du Montpellierren. Mediterraneokoak finalera iritsi ziren iaz, eta Heineken kopa jokatzeko borrokan dira. Oso zaila izanen da baionarrentzat irabaztea.

Hala ere, taldea hobeki ari da Jean-Pierre Elizaldek taldea utzi zuenetik. Joan zen astean, Parisen irabazteko adina merezimendu egin zituen, eta bukaerako entseguak kendu zion garaipena. Oroitu behar da, hala ere, sasoi honetan Baionak ez duela partida bakar bat ere irabazi etxetik kanpo. Jaitsieran da berriro, eta aitzinekoek (Miarritze, Perpinya, Brive eta Bordele) zulotxoa egitea nahi ez badu, etxetik at irabazten hasi beharko du. Gaur irabaztea ez legoke gaizki, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.