Golak. 0-1: Griezmannek (60. min). 0-2: De Jongek (63. min.). 0-3: Messik (68. min.). 0-4: Messik (72. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Athleticeko Dani Garciari.
Athleticentzat txapelketa kutuna zen behinola Espainiako Kopa. 24 titulu dauzka. Bada zerbait. Baina orain madarikazioaren itxurako zerbait bihurtu zaio. Beste final bat galdu zuen atzo, azken bederatzi urteetan bosgarrena, eta berriz ere Bartzelona borrero: lau aldiz kendu dio garailearen loria bost final horietan. Sevillako Cartuja estadioan, 0-4 irabazi zion.
Bigarren zatian hamahiru minutuan sartu zizkion lau golak Ronald Koemanen taldeak Marcelino Garcia Toralenari: 59.ean sartu zuen lehendabizikoa Griezmannek, eta 62.ean De Jongek. Messik sartu zituen beste biak 67.ean eta 72.ean.
Partidaren hasieran egin ez zuena egin zuen Bartzelonak hor: asmatu. Lan txarrak izango zituela ematen zuen bosgarren minutuan De Jongek zutoinera jaurtiketa egin zuenean, eta bi geroago, Destek kanpora bota zuenean baloia. Antzekoak izan ziren bi jokaldiak: Bartzelona baloiaren jabe, Busquets eroso asko taldearen jokoa nahi zuen bezala antolatzen, eta Athletic oso atzean defendatzen. Beste arazo bat ere bazuten zuri-gorriek: Iker Muniainen egoera. Hamaikakoan atera zen, baina ez dago ondo giharretatik, eta nahiko lan bazuen barrua ixtetik kanpora heltzen. Hortik sartu zitzaion Bartzelona Athletici lehen zati osoan, eta nabarmena izan zen aurreneko minutuetan. Athleticen susperraldi bakarra falta batean gertatu zen, 11. minutuan. Iñigo Martinezek kanpora bota zuen, errazagoa zenean baloia sarera botatzea.
Planteamendua atzean sartzea izan zen Marcelinorena, eta halakoetan, ez da aukera asko izaten aurkariaren areara iristeko. Bartzelona nagusi zela horrelako aukera galtzea zama handia da. Hala ere, ezustean, partida parekatu egin zen. Athleticek defentsan bereari eusten zion, baina Bartzelona makal ari zen baloia mugitzen, eta eskuin hegalean, Mingueza atzelariak aritu behar izan zuen jokoa antolatzen. Messi erdian galduta eta ondo lotuta zeukaten Athleticekoek, eta hegaletan, Bartzelonak Dest soilik zuen, atzerago Mingueza, eta nola Busquets ere hobeto estaltzen asmatu zuten zuri-gorriek, Athletic atzean baina arrisku handirik pasatu gabe zebilen.
Okerrago ibili zen defentsatik erasorako bidean. 41. minutuan bota zioten taldekideek lehen baloia sakonean Williamsi, ordura arteko apurrak oinera emandakoak izan zirelako. Erasoan min emateko aukera batzuk galdu zituzten Marcelinorenek horrela.
Minutuak aurrera zihoazen, eta Athletic ari zen lortzen nahi zuena: partidan sartuta egotea. Atsedenaldian, gauzak ez zeuden oso garbi, partida nora joan ote zitekeen. Ez zen seinale txarra zuri-gorrientzat. Gero, kolpetik dena hankaz gora joan bazen ere.
Aldaketa txikiak, kalterako
Pentsatzekoa zen bigarren zatia aurrenekoaren berdintsua izango zela, hara non Athletic pixka bat gorago defendatzen hasi zen. Ordurako, Muniain aldagelan zen, ez zelako atera bigarren zatia jokatzera. Lekue atera zuen Marcelinok eskuin hegaleko atzelari lanak egiteko, De Marcos gora pasatu zuen, eta Berenguer jarri zuen kapitainaren lekuan. Messi eskuinetik gehiago azaltzen zen, metro eta leku gehiagorekin Athletic atera egiten zela baliatuz. Berenguer ere kendu zuen Marcelinok, Vesga ateratzeko euskarrian, Unai Lopez ezkerrera pasatuz. Handik etorri zen Griezmannen gola, aurretik Unai Simonek eutsi arren berdinketari, geldiketa izugarriekin. Bigarren gola ezkerretik sartu zion Bartzelonak. Eta etsiak jo zuen Athletic. Messik ikusi zuen gozatzen hasteko unea zela, eta bi gol sartu zituen 67. eta 72. minutuetan.