Beste patxada bat

Goñi III.ak bikain jokatuta irabazi zion atzo Rairi, eta Zearraren kontra ariko da hurrengo saioan

ENEKOITZ TELLERIA - TOLOSA
2004ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Deitu patxada, deitu konfiantza..., baina Fernando Goñi zoragarri ari da pilotan jokatzen. Eskuz Binakako Txapelketa irabazi, Aspe bere enpresak egindako bidegabekeriari Naxerako frontoian bertan erantzun, eta atzo Tolosan beste urrats bat egin zuen bere pilotari izaera sendotu eta berrestera bidean. Final-zortzirenetan sartu da. Zalapartarik gabe, fin eta langile. Hori bai, atzo bezala jokatzen asmatzen badu, zalaparta bat baino gehiago eragin dezake. Oier Zearra izango du hurrengo kontrarioa, eta Aimar Olaizola du zain irabazleak, finalerdietara bidean.

Zalaparta hitza aipatuta, hori bai, Raimundo Blanco Rai-ren atzoko korrikak eta presak datozkigu burura. Tematuta irten zen Quintanar de la Sierrakoa. Tantoa landu aurretik amaitu nahi. Zirt edo zart. Piloteoan nagusitzeko aukerarik ote zuen jakin aurretik hori dena, eta Fernando Goñik lehen tanto horietan erakutsitako noraeza profitatuz hori dena. 3-1 hartu zuen aurrea Asegarcekoak. Konfiantzaz ari zela zirudien. Partida aurrera ateratzeko gai, Goñi asentatu zen arte.

Sakea erabakigarria

Partida kiribildu nahian jarraitzen zuen Raik, baina Goñik askatu zuen korapiloa. Sakatu egin zuen asko, baztertu egin zuen ikaragarri, eta hiruzpalau minututan behera egin zuen Raik buruz behera, fisikoki baino gehiago, ohi bezala. Saiatu zen une batez taktika aldatzen, tantoa landu, gogortu eta bukatzen. Lortu zuen behin, baina dejada batekin bueltatu zuen Goñik errealitatera. Alegia, kolpez freskoago zegoela bera, eskuinez adina ateratzen zuela pilota ezkerrez, defentsan ere ez zeukala aparteko arazorik, eta, batik bat, erraz, oso erraz ari zela tanto amaitzen. Dejadaz egin zituen gehienak, baina Titinek berak sinatuko lukeen gantxo zail eta ikusgarri bat ere izan zen tartean (5-16koa). Meritu handiko pilotak bueltatu zituen Raik, nahi zuen jendeak ere partida gehiago ikusi, baina alferrik zen ordurako. Egin zuen azken saiakera bat, 6-21ekotik 10-21ekora, baina Goñirena zen partida.

Asperen asteburu bikaina biribildu zuen atzo Zubirikoak. Jokoan zeuden bost txarteletatik lau lortu dituzte Eibarko enpresako pilotariek: Irujok, Pascualek, Gonzalezek eta Goñi III.ak. Horri esker, gainera, finalerdietan pilotari bat ziurtatu dute, Eugi-Pascual kanporaketako irabazlea Barriolarekin ariko baita. Asegarcetik, Zearra da asteburuan irabazi duen bakarra.

RAI 10

GOÑI III.A 22

Iraupena: 42 minutu.

Pilotakadak: 235.

Saketik: Raimundo Blanco Rai-k hiru. Fernando Goñi Goñi III.a-k sei.

Markagailua: 0-1, 1-1, 2-1, 3-1, 3-3, 3-9, 4-9, 5-9, 5-10, 5-14, 5-15, 5-16, 6-16, 6-21, 10-21 eta 10-22.

Bestelakoak: Sarrera txukuna Tolosako Beotibarren, eta dirua parekatuta hasieran. Berasaluze VIII.a-Begino eta Saralegi-Armendarizek jokatu zuten jaialdiko lehen partida, eta azken horiek irabazi zuten (17-22). Armendarizen azken partida zen Asegarcerekin, eta txaloka agurtu zuen jendeak. Partida ederra jokatu zuen atzo ere.

- FERNANDO GOÑI ASPEKO ATZELARIA

«Hasieran tontakeriaren bat egin dut, baina gero serio aritu naiz»



Arnasestuka eta izerditan blai mintzatu zen Fernando Goñi partida amaitutakoan. Markagailuak adierazten zuena baino partida gogorragoa egin zitzaiola aitortu zuen, baina bi pilotarien artean alde handi samarra egon zela onartu ere bai. «Ni borrokatzeko prest etorri naiz ona. Sakearekin asmatu dut eta uste dut hor egon dela partidaren gakoa. Horri esker lortu dut aldea». Hasierako noraezaren arrazoiak ere eman zituen. «Ez nekien zerekin topo egingo nuen eta zer gertatuko etorri naiz apur bat. Hasieran tontakeria pare bat egin ditut, baina gero serio aritu naiz. Bera airez oso ongi moldatzen da. Lau koadroan jartzen da eta zaila da tantoa sartzea, baina ongi asmatu dut horretan». Hurrena kontrario izango duenari buruz ere bai hitz batzuk, boteprontoan. «Harri kozkor gogorra da. Hein batean, ezaugarri berdintsuak ditugu biok».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.